Teknologia berriei esker, komunikazioa aldatu egiten da egunero. Informazioa zabaltzeko era eta kanal ezberdinak sortzen dira une oro. Irismena ez galtzeko, hedabideek egokitu egin behar dute egoera aldakor horretara eta euren publikoarengana heltzeko modurik eraginkorrena aurkitu behar dute. Testuinguru hori kontuan hartuta, EITBk OrainWhatsApp kanala aurkeztu du, euskarazko ikus-entzunezko albiste zerbitzu berria. Arantza Ruiz EITB Mediako albistegi zuzendaria, Oihane Mateos digitaleko albistegi burua eta Iban Garate Orain Berriak marka digitaleko kazetaria izan dira Bilboko Termibusen egindako aurkezpenean.
EITBko Orain Berriak marka digitalaren barruan dago Orain WhatsApp. Plataforma horren bidez zabalduko dituzte albisteak, «berehalako eta egiazko modu batean», bai bideo formatuam, bai irudi formatuan. Zerbitzu selektibo bat izango da: eragin handiena duten albisteei emango diete lehentasuna.
«Garaiak aldatzen ari dira, esan beharrik ez dago», hasi du azalpena Garatek. «Eta bizi dugun garai honetara egokitu beharra daukagu». Era berean, kazetariak azaldu du Orain WhatsApp zerbitzuak «sakelakoak» dituela jomugan. «Aldatu egin da kontsumitzeko modua, sakelakoetan bizi garelako geure bizitzaren zati handi batean». Horrez gain, adierazi du zerbitzu selektiboa izango dela, euren publikoak zer nahi duen ondo dakitelako: «Hartzailea ezagutzen dugu, eta harentzat egiten dugu lan EITBn».
Arantza Ruizek gaineratu du «globalizazio eta digitalizazio bete-betean» bizi dela gizartea. «Eta testuinguru horretan informazioak bere lekua bilatu behar du. Publikoak gero eta informazio pertsonalizatuagoa eskatzen du, eta eskari horri erantzuteko ardura daukagu». Orain WhatsApp zerbitzuaren bidez, hartzailearen beharrak beteko dituztela azpimarratu du.
Kontsumo eredu berriak
Ruizek bat egin du Garatek esandakoarekin: «Kontsumitzeko modua aldatu egin da. Orain, sakelakoan bilatzen da informazioa». Hori dela eta, EITBn argi dute zein publikorengana heldu nahi duten: «35 urtez azpikoengana ere iritsi nahi dugu. Horregatik, albiste marka berri bat sortu dugu: Orain». EITB Mediako albistegi zuzendariak adierazi du EITBko hamar irakurleetatik bederatzik kontsumitzen dutela informazioa sakelakoan. Horrek erakusten du plataforma berri honek publiko gazteagoarentzat izango duen garrantzia.
Orain WhatsApp zerbitzuak, plataforma berri baten bitartez, «modu arinago batean» zabalduko du informazioa. Hala ere, Ruizek adierazi du horrek ez duela eragingo albisteen kalitatean: «Gure publikoak informazio azkarra eta kontsumitzen erraza eskatzen digu. Entretenitzen duen informazioa, bideoari eta irudiari garrantzia handia ematen diona. Horrez gain, esaten digu sinesten jarraitu nahi dutela EITBren seriotasunean eta zorroztasunean. Eskara horri erantzuteko jaio da Orain». Ruizek ziurtatu du EITBk sortu duen zerbitzu berri horrek ez duela zerikusirik gaur egun merkatuan dagoenarekin: «Guztiz ezberdina da».
Mateosek ere nabarmendu du Orain WhatsApp zerbitzuaren berritasuna: «Jakin ezazue hau ez dela izango ohiko albiste kanal bat, irudiak berebiziko garrantzia izango duelako. Azkartasuna, pertsonalizatzeko aukera eta doakotasuna izango dira ezaugarri nagusiak». Alerten atalaz gain, beste hiru izango ditu zerbitzuak: aktualitatea, politika eta ikusmira.
Euskarak ere behar du presentzia etengabe sortzen diren plataforma berrietan. Adin guztietako euskaldunek ama hizkuntzan informazioa jaso ahal izateko, garrantzitsua da Euskal Herriko hedabideek euren euskarriak eguneratzen jarraitzea. Orain WhatsApp da horietako bat; gaurtik aurrera erabili ahalko da. QR kode bat dago eskuragarri zerbitzuan harpidetzeko.