Euskarazko 11 audioliburu sareratuko ditu Guauk

Euskal Literaturaren Hilabetea egitasmoa abiarazi du EITBren audio plataformak. Idazle ezagunen lanak audio formatura eraman dituzte.

Harkaitz Canoren lau literatur lan audioliburu bihurtu dituzte. GORKA RUBIO / FOKU
Audioliburu bihurtu dituzte Harkaitz Canoren lau literatur lan. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 4a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Jon Arretxe eta Toti Martinez de Lezea idazleen eleberri ezagunak audio formatuan entzun ahalko dira doan EITBren Guau audio plataforman. Euskal Literaturaren Hilabetea egitasmoa jarri du martxan EITBren plataformak, eta, aste honetan hasi eta hilaren 23ra arte, 11 audioliburu sareratuko dituzte.

Aste honetan sareratu dituzten lehen hiru audioliburuak honako eleberri hauek izan dira: Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox eta Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez. Iñaki Beraetxe aktore eta bikoiztaileak jarri du ahots nagusia Ehun metro-n, baina beste honakoek ere parte hartu dute: Maddalen Arzallusek, Asier Hormazak, Kiko Jauregik, Mikel Garmendiak, Joxe Felipe Auzmendik eta Iñigo Aranbarrik. Maria Redondo aktoreak jarri du ahots nagusia Zergatik panpox-en, eta Monika Erdoziak Hamaseigarrenean aidanez-en.

Datorren astean, Harkaitz Cano idazlearen lau lanen audioliburuak sareratuko dituzte: astelehenean, Twist eleberria; asteazkenean, Fakirraren ahotsa nobela; ostegunean, Beti oporretan ipuin liburua; eta ostiralean, Telefono kaiolatua ipuin liburua. Joxe Felipe Auzmendik jarri du ahotsa lau audioliburu horietan.

Hilaren 14an, bestalde, Jon Arretxe idazlearen Xahmaran sareratuko dute audioliburu gisa —Ainhoa Aierbek jarri du ahotsa—. Hilaren 17an, Anjel Lertxundiren Horma estreinatuko dute —Iñaki Beraetxeren ahotsarekin—. Sorta osatzeko, hilaren 21ean Iban Zalduaren Etorkizuna narrazio laburren liburua eramango dute audio plataformara —Iñaki Arretxek jarri du ahotsa—, eta hilaren 23an, Toti Martinez de Lezearen Judu-kale nobelaren audioliburua estreinatuko dute —Monika Erdoziaren ahotsarekin—.

EITBren «konpromisoa»

Lehendik ere bazeuden audioliburu batzuk EITBren Guau plataforman —tartean, haurrentzako audioliburu batzuk ere bai—. Sorta berriarekin «euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko konpromisoa» sendotu duela jakinarazi du EITBk, «euskal literatura kontsumo ohitura digital berrietara egokituz, eta belaunaldi gazteen artean zabaltzea sustatuz».

Audio formatuak gorakada «nabarmena» izan duela eta horren araberako erabakiak hartu behar direla uste du EITBk. «Audioliburuen ekimen honek euskal idazle ospetsuen lanetara hurbiltzeko aukera errazten du, ez bakarrik irakurriz, baita entzunez ere, eta aproposa da irakurketarako zailtasunak dituztenentzat edo audio formatua nahiago dutenentzat».

Horretaz guztiaz gain, EITBk adierazi du audioliburu berri horien bidez euskarazko sormen industrian laguntzen duela, «idazleei, narratzaileei eta ekoizleei espazioa eskainiz, eta, aldi berean, euskal literatura Euskaditik harago zabaltzeko aukera emanez». Izan ere, Guau plataforma Euskal Herritik kanpo ere erabil daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.