Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (IX). Bea Salaberri. AEK-ko irakaslea eta blogaria

«Euskaraz idaztea garrantzitsua da, nahiz komunitate txiki batentzat ari»

Euskara ikasleentzat mezu labur eta argiak irakurtzea probetxugarria dela uste du.

urtzi urkizu
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskararekin lotutako gaietaz idazten du Bea Salaberrik (Donamartiri, Nafarroa Beherea, 1979) http://hanetahemen.blogspot.com blogean. Sare sozialetan ere buru-belarri sartuta dabil.

Nola hasi zinen sare sozialetan murgiltzen?

2008. urtean gorakada bat izan zuten; jendea hasi zen izena ematen, eta orduan murgildu nintzen. Sareak abiatu zirelarik, hasiera batean uzkur, baina gero eta gusturago, eta zabaltasun handiago bat eman nien denborarekin. Beste erabilpen bat aurkitu nien.

Nola erabiltzen dituzu zuk Facebook eta Twitter?

Facebook gehiago interes pertsonaleko gauzak zabaltzeko erabiltzen dut. Eta Twitter gehiago kontu profesionaleko gaietarako, nire gaiaz ari diren pertsonak hor izaten direlako. Twitterren selektiboagoak dira zabaltzen diren edukiak, eta aditu gehiago dago.

Hego Euskal Herriko internautek gutxi ezagutzen dituzte Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako blogariak.Egoera horri buelta ematerik ba al dago?

Badira Hegoaldeko internauta batzuk ezagutzen gaituztenak. Hurbileko sarearen araberakoa izaten da. Badakit nire blogak badituela jarraitzaile batzuk pertsona giltzarri batzuei esker. Eta horiek nire edukiak zabaltzen dituzte. Bestetik, esango nuke Iparraldean ezagutzen ditugula Hegoaldean sare sozialetan eta blogetan ibiltzen direnak. Batzuk bai bederen. Errazago kokatzen ditugu guk Hegoaldekoak, alderantziz baino.

Sare sozialak egokiak izan al daitezke euskal komunikabideetan ari direnak eta euskalgintzan ari direnak batzuk besteekin harremanetan jartzeko?

Bai, noski. Pertsona batzuk kokatzen dituzu, eta gero erabakitzen duzu harreman horretan gehiago sakondu nahi duzun ala ez. Hala ere, iruditzen zait sare sozialetan harremanak nahiko arinak eta azalekoak izaten direla. Informazio trukaketa badago, baina gaiak sakontzea beste nonbait egiten da. Google+ sare sozialeko zirkuluak, adibidez, ondo daude zenbait harremanetarako. Lehen pauso baterako ondo daude sare sozialak, baina pauso bat harago joateko, landu egin behar da.

Sare sozialetan egiten den euskarari buruz zer iritzi duzu?

Denetarik ikusten dut, baina euskara batua bereziki. Aski arina eta freskoa izaten da gehienetan.

Iban Arantzabalen arabera, sare sozialak territorio libreak dira euskalkian idazteko.

Ez dakit ba, nik euskalkietan testu gutxi ikusten ditut sare sozialetan. Gertatu da, eta ondo dago. Baina nik ere euskara batuan zabaltzen ditut edukiak. Euskaraz idazteak, bestetik, suposatzen du komunitate mugatu txiki batentzat ari zarela, baina hori garrantzitsua da. Euskaraz zabaltzeak badu garrantzia.

Beste modu batean agian jasoko ez zenituzkeen komunikabideetako edukiak jasotzen dituzu sare sozialen bitartez. Nola ikusten duzu komunikabideen edukien zabalpena?

Positiboki ikusten dut. Interneten komunikabideetara jotzen dudanean sare sozialen bidez izaten da. Formatua egokia da, titulu eta lotura batekin. Zuk aukeratzen duzu nahi duzun albistea edo gaia; aski emankorra da.

Iparraldeko euskarazko komunikabideak sare sozialetan ondo kokatuak ikusten al dituzu?

Kokatuak behintzat badira. Kazeta.info ongi ari da. Kanaldudek batzutan zabaltzen ditu edukiak. Euskal Irratiak ere hor daude. Ez dakidana da eraginkorrak diren ala ez.

Sare sozialetan mezu laburrak dira nagusi. Blogetan, berriz, testu zabalagoak eta sakonak idazteko aukera dago. Beharrezkoa al da beste zerbait kontatzeko testuak izatea?

Bai, garrantzitsua da une batzuetan gauza batzuk sakonago aipatzea. 140 karakteretan gauza asko zabaldu daitezke, baina gai batzuek merezi dute zer pentsatua, galdera eta erantzun gehiagorekin. Bestetik, blogetan den aktibitatea aldatzen ari da. Lehen jendeak iritzia ematen gehiago parte hartzen zuen, baina orain ez, etapublikazio tresna batean ari dira bihurtzen.

AEK-ko ikasleentzat eta euskara ikasten ari direnentzat tresna baliagarriak izan al daitezke sare sozialak?

Ikasleentzat gaurko egunean klasetik kanpo euskaraz egiten ahal duten edozer gauza probetxugarria da. Sare sozialak ere bereziki garrantzitsuak dira. Ikasle gehienak, agian, ez dira animatuko sare sozial batean euskaraz idaztera, baina askok euskaraz idatzitako testuak irakurtzen dituzte. Eta hori jada pauso bat da. Gainera, gai batzuen gaineko mezu labur eta argiak irakurtzeko aukera dute, eta hori probetxugarria da haientzat. Aukera ematen die euskarazko mezuak jasotzeko eta nahi dutenean zabaltzeko ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.