Erdaldun bat izendatu du EITBk arlo digitaleko zuzendari, LABek salatu duenez

Nagore de los Rios arduratuko da EITBko sare sozialen estrategia garatzeaz eta sorkuntza berrien webguneak kudeatzeaz. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta euskararen eta euskaldunen aurkako «eraso larria» dela adierazi du.

EITBren Bilboko egoitza, artxiboko irudi batean. BERRIA
EITBren Bilboko egoitza, artxiboko irudi batean. BERRIA
urko iridoy alzelai
2024ko abenduaren 23a
16:30
Entzun

EITBk arlo digitalaren zuzendari izendatu du Nagore de los Rios, eta, LAB sindikatuak salatu duenez, ez daki euskaraz. EITBren webgune berrien sorkuntza prozesuak gidatzeko eta sare sozialen estrategiak garatzeko postua da bete berri dutena. «Euskara sustatzea du helburuetako bat EITBk, eta, halere, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du horrelako postu baterako», adierazi du sindikatuak, ohar bidez. 

Sindikatuak uste du erabaki horrekin EITBk euskaldunak «gutxiesten» dituela, eta euskararen aurkako «eraso larri bat» dela: «ETB osoko langileen hizkuntza eskubideak bakarrik ez, euskal gizarte osoarenak urratu dira». Erabakia salatzeaz gain, arazoa konpontzeko eskatu du LABek, EITBk ez baititu behar bezala bete aukeraketa prozesuko baldintzak. Euskara gaitasun jakin bat eskatzen da aukeraketa prozesuan, eta euskarazko C1 maila, gutxienez. Beraz, zuzendaritzak egindako salbuespen hori ikusita, sindikatuak galdegin du argitu dezatela zein diren aukeraketaren arrazoiak.

Sindikatuak gogoratu du Euskal Irrati Telebista sortu zenean helburu nagusietako bat euskara sustatzea zela, enpresa barruan zein kanpoan. Horretarako sortu zituzten hainbat lege, eta horiek urratu dituztela salatu dute: hala nola 2023-2027 Euskara Plan Estrategikoa,2023-2027 Euskara Arloko Ekintza plana eta 5/1982 Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea sortzezko legea. «Nekez sustatuko da hizkuntza, egitasmoaren gidaritzan euskara ez dakitenak egonda», adierazi dute. 

Sindikatuak adierazi du egin beharreko guztia egingo duela «eraso larri» horri konponbidea aurkitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.