Webgunetzat bat baino gehiago, sare sozialtzat dauka ZuZeu Hasier Etxeberria orainkari horizontalaren sustatzaileak. «Tresna bat da, blogak eta iritziak biltzen dituena. Komunitate baten ardatza». Orain bost urte abiatu zuten ZuZeu, sareko euskarazko komunitatea suspertzeko eta komunikatzeko leiho bat eskaintzeko xedez. Ordutik handitu egin da proiektua, eta erabiltzaile askorentzat erreferentziako gunea da egun. 20.000 bisitari inguru ditu hilean. Hiru langilek eta erabiltzaile «nukleo gogor» batek osatzen dute komunitatea. «Jendeak bere gauzak kontatzeko tresnatzat hartu du». Ia 10.000 sarrera eta 22.000 iruzkin baino gehiago argitaratu dituzte.
«Orain bost urte hartan gauzak oso motel zebiltzan sarean», gogoratu du Etxeberriak. Sarean euskararen erabilera suspertze aldera, hainbat proposamen egin zizkien Etxeberriak Sustatu atarikoei. «Ez genituen gauzak berdin ikusi, eta azkenean neuk sortu nuen zuzeu.com». Bi eredu izan zituen ispilu euskarazko orainkari digitala sortzeko: Soitu.es eta Rue89.com atariak.
Parte hartzea bultzatzea izan da orainkari horizontalaren xedeetako bat. «Ez da ahaztu behar garai hartan ETA indarrean zegoela». Etxeberriak beharrezkotzat jo zuen «deskonpresiorako» leku bat, eztabaidak libreki eta baldintzarik gabe mamituko ziren plaza bat. Eta izan da ZuZeu bost urte hauetan iritzi askotarikoen topalekua. «Egundoko eztabaidak izan dira». Euskaldun askorentzat «ihesbiderako» tresna izan baita orainkaria. «Euskaldunok kezkatzen gaituzten gaiak iragazkirik eta interferentziarik gabe eztabaidatzeko».
Horizontaltasuna baita atariko ezaugarri nagusietako bat. «Edonork har dezake parte, iritzi eta ikuspuntu guztiak balekoak dira gurean», dio Iñaki Larrañaga ZuZeuko kideak. Webgunea abiatzearekin batera, beste inguruko euskarazko webguneak «mugitu» nahi zituzten. «Sareko euskarazko komunitatea trinkotzea lortu dugu, beste batzuekin batera», azaldu du Larrañagak.
Orainkaria sortu zutenetik eztanda egin baitute sare sozialek. Etxeberria: «Olatu horretara igo gara». Ondo jakin dute Facebooken eta Twitterren indarra aprobetxatzen komunitatea indartzeko. Twitterren, esaterako, 6.000 jarraitzaile baino gehiago dituzte. Neurri handi batean sare sozialen bidez jotzen dute erabiltzaileek edukietara.
Gai askori buruz eztabaidatu dute albistarian, baina bereziki bik harrotu dituzte hautsak behin eta berriz: euskara eta politika. «Erabiltzaileok itsututa gaude horiekin», uste du Etxeberriak. Horiei loturiko sarrerek pizten baitituzte eztabaida gehien. «Gai horiek euskaldunok nola ikusten ditugun ezagutzeko hona etorri behar da».
Etengabe berritu
Internet abiada bizian doala jakitun da Etxeberria; ZuZeu «bost urteko umea» izanagatik, zaharkitua geratzea izan da sustatzaileen beldur nagusia. Egitasmo ugari jarri ditu martxan lantaldeak. 2012ko udaberrian ZuZeu TV hasi zuten. Politika, kultura, hezkuntza, kirola, kazetaritza eta beste hainbat arlotako jende «arras interesgarria» elkarrizketatu dute, eta bideoak webgunean jarri. Sukaldean atala eta aplikazioa ere sortu dute, «ziurrenik euskarazko errezetategi handiena».
Kazetari gazte askori lehen urratsak egiteko abiapuntua ere eskaini die atariak. «Gazteentzako aukera ona da idazten dituztenakblog pertsonaletatik haratago oihartzuna izan eta izentxoa egiten hasteko», azaldu du Larrañagak.
Zentzu horretan azken urratsa egin du orainkariak, eta ildo berri bati helduko diote aurki: Arnasa luzea, euskarazko kazetaritza gazteari laguntzeko asmoz eginiko proiektua. Erreportaje eta elkarrizketa sakonak «behar beste» egiten ez direlakoan daude, eta diru biltze kanpaina baten bidez kazetari proiektuak babesteko aukera eman nahi diete gazteenei.
Komunikazioa
Euskararen sareko eztabaidagunea
Bost urte bete ditu ZuZeu orainkariak. Sareko erabiltzaileen parte hartzea du oinarri, eta, askorentzat, erreferentziako gunea da. Edozein gairen inguruan libreki eztabaidatzeko aukera eman du. Horren erakusgarri, idatzitako 22.000 iruzkinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu