Euskararen plaza berria

BERRIA Taldeak 'iparraldekohitza.info' webgunea sortu du; eguneko berriak, iritziak eta eskaintza multimedia gehituko dizkio 'Ipar Euskal Herriko Hitza'-ren asteko eskaintzari.

Nora Arbelbide BERRIAko kazetaria eta Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria, atzoko aurkezpenean. LARA MADINABEITIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko Hitza-k sarerako jauzia egin du, eta horren berri eman zuen atzo Baionan. BERRIA Taldeak euskararen plaza sendotzeko lanabes berria eskaini dio Ipar Euskal Herriari, Iparraldekohitza.info webgunearen eskutik. Ipar Euskal Herritik eta Ipar Euskal Herriarentzat, euskaraz gogoetaturik eta euskararentzat, Ipar Euskal Herriko Hitza-k urrats bat egin du eta, teknologia berriak baliatuz, euskararen presentzia indartuko du sarean. Engoitik, bi oin ukanen ditu, orain artean bezala paperezko eskaintza batetik eta, bertze aldetik, eguneko informazioa eta multimedia arloa. «BERRIAk hamar urte bete ditu eta hamarka gehiago betetzeko erabakia dugu. Horretarako bidea, lana egitea da, eta produktu berriak plazaratzea», erran zuen Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria ere egon zen aurkezpenean.

Aurkezpen ekitaldian herri mugimenduetako eta euskalgintzako gizarte eragile ezagunak bildu ziren, bertzeak bertze Bea Salaberri eta Xan Goenaga AEK-ko kideak, Paxkal Bourgoin Euskal Haziak elkarteko presidentea, Aurelia Arkotxa euskaltzaina, Daniel Landart antzerkilaria, Pantxoa Bimboire Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako eragilea, Jon Irazola LABeko kidea eta Jone Josie Kontseiluko Ipar Euskal Herriko arduraduna. Frantxua Maitia Euskararen Erakundeko presidentea ere presente izan zen webgunearen aurkezpenean.

Nora Arbelbide BERRIAko kazetariak aurkeztu zituen webgunearen egitura eta mamia. Eskualdeetako HITZA-k euskaldunen plaza eta ideien topagune izatea nahi dute, eta, horregatik, iritziak toki berezia ukanen du webguneko eskaintzan. Hainbat arlo, egitura, erakunde eta ikuspegitako eragileek iritzia plazaratzeko bidea ukanen dute, aldian aldi, ahalik eta maiztasun handienarekin. Iritzien atala berrituz joanen da, zutabegileek haien ekarpena igorri ahala. Pantxoa Bimboire Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidenteordeak eta Mathieu Iriart Biziko kideak idatzi dituzte lehen zutabeak. Irakurleak ihardukitzeak egiteko parada ukanen du, eta baita ere Ipar Euskal Herriko Hitza-ri oharrak edo ekarpenak egiteko bidea.

Ipar Euskal Herrian euskarak hiztunak galtzen segitzen du eta, horren karira, Ahoan bilorik gabe emankizunarekin egin bezala, euskal hedabideen arteko elkarlana funtsezkoa da. Larrartek azpimarratu zuen bide horretan ekarpena egiteko sortu dela webgunea.

Guztien laguntzaz

Bildutako eragileen presentzia eskertu zuen Larrartek. «Eskertu nahi dizuet, BERRIAlagun guztiei esker, bezero, erosle eta iragarle guztiei esker garelako posible eta posible izan delako Ipar Euskal Herriko Hitza-ren webgunea sortzea». Hamar urteko ibilbidea du BERRIAk, eta hamarkadetan iraun eta eskaintzak ugaltzeko deliberoa duela azpimarratu zuen. Bide horretan garatzen ari da BERRIAren Hamarnaka kontatzekoak gara kanpaina. BERRIAlagunaren garrantziaz ohartarazi zuen Larrartek eta, kanpaina gogora ekarriz, Ipar Euskal Herriko ekitaldiak aipatu zituen.

Aurkezpenaren bideoa ikusteko, jo BERRIAren webgunera: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.