Euskararen egoera ulertzeko gakoak

Hamaika Telebistak eta UEMAk 'Gakoak' bideo sorta ondu dute, Iñaki Iurrebasoren doktore tesian oinarrituta. 11 bideo izango dira, eta aurreneko biak zabaldu dituzte jada. Hamaikaren webgunean eta sare sozialetan jarriko dituzte bideoak, astean bitan.

Ainhoa Jauregi eta Martin Aramendi, asteazkenean, Hamaika telebistan. HAMAIKA
Ainhoa Jauregi eta Martin Aramendi, asteazkenean, Hamaika elebistan. HAMAIKA
urtzi urkizu
2025eko martxoaren 28a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iñaki Iurrebaso soziolinguista eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ikerlariak euskalgintzaren eta hizkuntza politikaren oinarriak astindu zituen 2023an, doktore tesia aurkeztu zuenean. Euskararen egoeraren berri jakiteko eta diagnostiko zehatza egiteko lan garrantzitsua izan da Iurrebasorena. Hitzaldi ugari eman ditu Iurrebasok tesiaren ingurukoak azaltzeko, eta, lan horretan oinarrituta, Hamaika telebistak eta UEMAk Gakoak izeneko bideo sorta landu dute orain.

Bi minutuko 11 bideo izango dira. Aurreneko biak aste honetan bertan estreinatu dituzte, eta, datorren astetik aurrera, asteazkenetan eta larunbatetan zabalduko dituzte, Hamaika telebistaren webgunean eta Interneteko sare sozialetan —Instagramen, Facebooken eta X sarean—. UEMAren webgunean ere ikus daitezke lehen bi bideoak. Diagnostiko berri baterako gakoak eta Azken mendeko euskararen historia, horiek dira izenburuak.

Bideo sorta egiteko ideia Iñaki Uria Hamaika telebistako zuzendari ohiarena izan zen. UEMA arduratu da bideoetarako gidoiez eta edukiaz. Irudiak eta animazioak, bestalde, Hamaikako diseinu arduradun Nagore Sarasolak sortu eta ekoitzi ditu. «Saiatu gara gakoak ahalik eta modu ikusgarrienean eta hezitzaileenean erakusten», azaldu du UEMAko lehendakari Martin Aramendik. «Hezkuntzak milaka herritar euskaldundu ditu, baina horietako askorentzat euskara ez da lehen hizkuntza. Horrek, noski, eragina du erabileran. Beraz, horri erantzunez, eta ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea apaldu nahian, herritarren kontzientziazioan eragitea da UEMAren ildo nagusietako bat».

Aramendiren arabera, Iurrebasoren tesia «funtsezkoa» da euskararen egoera «argi eta garbi» ikusarazteko. «Tesia dozenaka hitzalditan aurkeztu du, hedabideetan elkarrizketa sakonak egin dizkiote, Euskaltzaindiak mila orrialde baino gehiagoko bi liburutan argitaratu du tesia... Baina guk nahi genuen publiko orokorrak, eta batez ere gazteek, modu dibulgatibo batean ere jasotzeko aukera izatea». Gakoak bideo sorta da horren emaitza.

Iurrebaso bera elkarrizketatu dute aste honetan Hamaikan. «Beharrezkoa ez den hizkuntzak ez du aurrera egiten», adierazi du soziolinguistak.

Hamaika Telebistako zuzendari Ainhoa Jauregik adierazi du «garai berrietara egokitzea» dela euskarazko kate horren helburu nagusietako bat. «Testuingurua izugarri aldatu da, eta ezinbestekoa da eremu digitalean egotea eta belaunaldi berriekin konektatzea, betiere euskara erdigunean jarrita». Hain zuzen, iruditzen zaio bideo sorta hori material egokia dela horretarako. «Batetik, euskararen egoera ulertzeko gakoak eskaintzen ditu, eta bestetik, belaunaldi berriekin konektatzeko eta sare sozialetan zabaltzeko modukoa da: laburra, hezitzailea eta garaikidea». Aramendik bereziki nabarmendu du Sarasolak egindako lana: «Asko eskertzen dugu egindakoa. Belaunaldi berriak ahalduntzea da helburuetako bat, eta horretan ahalegindu gara bideo hauen bidez».

UEMAko Irati Odriozolak jarri du off-eko ahotsa bideoetan.

'Gakoak aletuz'

Apirilaren 28ra bitartean, gai hauek ere landuko dituzte bideoetan: Hizkuntza gaitasuna, erabilera, atxikimendua, hizkuntzaren bilakaera, galeraren arrazoiak, belaunaldi berriak, lurraldea eta nagusitasuna, arnasguneen garrantzia, eta etorkizuna. «Olatu berri baten beharra du euskarak», dauka lelotzat azkeneko bideoak.

Bideo labur horien osagarri, beste hamaika bideo ere prestatu ditu UEMAk, bakoitzaren edukia sakonago azaltzeko. Gakoak aletuz izenburupean, 15-20 minutuko bideo bilduma bat estreinatuko dute apirilaren 28an —egun horretan denak batera jarriko dituzte hala Hamaikaren webgunean nola UEMArenean—.

Irailean, berriz, Esnatu ala hil (Elkar, 2025) saiakera aurkeztuko dute Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxea euskara teknikariak. Diagnostikoa egiteko gakoak ez ezik, euskararen eta hizkuntza politikaren erronkak aletuko dituzte liburu horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.