Ikus-entzunezkoak

Euskararen aldeko politikak eskatzeko, mobilizaziora deitu du Aldatu Gidoia mugimenduak

Protesta maiatzaren 18an egingo dute, Gasteizko Foru plazatik abiatuta. «Euskara erdigunean» jartzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta EITBri. Deialdiarekin bat egin dute hainbat sindikatuk, eragilek, elkartek eta talde euskaltzalek.

Aldatu Gidoia mugimenduko ordezkariak, Altsasun (Nafarroa). IDOIA ZABALETA / FOKU
Aldatu Gidoia mugimenduko ordezkariak, Altsasun (Nafarroa). IDOIA ZABALETA / FOKU
urtzi urkizu
Altsasu
2024ko apirilaren 25a
18:30
Entzun

Iazko irailean, Euskal Herriko hainbat eragilek «kezka» agertu zuten Eusko Jaurlaritzak euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen inguruan duen jarrerarekin. Hainbat eskaera egin zituzten irailaren 9ko agerraldian. Ondotik, talde eta norbanako ugarik egin dute bat Aldatu gidoia euskararen alde kanpainarekin. Gaur, berriz, agerraldia egin dute Altsasun (Nafarroa), mobilizazio baten berri emateko: maiatzaren 18an protesta jendetsua egiteko asmoa dute, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri euskaran ardaztutako politikak egin ditzatela eskatzeko. Foru plazan abiatuko da mobilizazioa, 17:30ean.

Deialdiarekin bat egin dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk, Euskal Herrian Euskaraz-ek, AEK-k, Ikastolen Elkarteak, Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak eta askotariko talde eta eragile euskaltzalek. Baita Xaloa telebistak, Aiaraldea Ekintzen Faktoriak eta Guaixe fundazioak ere. Gasteizen izango dira ere pantailetan euskara zabaltzeko lanean ari diren herritar taldeak.

Altsasuko agerraldian, Aldatu Gidoia mugimenduko ordezkariek aldarrikatu dute euskarazko telebistaren sorrerako «ilusioa eta asmoa» berreskuratzeko beharra. «Berpiztu dezagun euskaran ardaztutako Euskal Irrati-Telebistaren beharraren kontzientzia. Eta eska diezaiogun Eusko Jaurlaritzari kultura politiketan, EITBn eta EITBz harago, zineman eta plataformetan euskara erdigunean jartzeko», esan dute Iñaki Beraetxe Bieuseko bikoiztaile eta Euskal Aktoreen Batasuneko ordezkariak, eta Ane Apezetxea Steilas sindikatuko kideak, mugimenduaren bozeramaile gisa.

Mugimenduko ordezkariek gogorarazi dute kultura eta ikus-entzunezko edukiak oso garrantzitsuak direla norbanakoaren garapenean, identitate kolektiboan eta gizarte kohesioan. «Kulturan sakontzeak integrazioaren eta aniztasunaren alde jardutea dakar. Hala, euskaldunok kultura eta hizkuntza komunitate gisa, aurrera egin nahi badugu, estrategikoa da euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoetan eskaintza zabal eta erakargarria bermatzea. Ondorioz, kezka sortzen digu Eusko Jaurlaritzak euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoetara horren baliabide gutxi bideratzeak», adierazi dute Beraetxek eta Apezetxeak.

Herritarren hizkuntza eskubideak

Aldatu Gidoia mugimenduaren arabera, urteak dira EITBk sorrerako helburuak baztertu zituela. «EITB euskara biziberritzeko eta euskal kultura sustatzeko sortu zen. Baina gaztelaniazko edukiek hartu dute erreferentzialtasuna, eta bigarren mailan gelditu dira euskara eta euskarazko eskaintza».

Beraetxek eta Apezetxeak irakurritako agirian, Aldatu Gidoia taldeak dio EITBri errealitate soziolinguistikoa eraldatzea dagokiola. «EITBk herritarrei euskarazko eskaintza apal bat bermatzea baino zerbait gehiago egin behar du. Taldeak ahalegin berezi eta nekaezina egin behar du, euskarazko programazio eta eskaintza zabal, oparo eta orekatuaren bidez herritarrak osoki euskaran murgiltzeko». Horretarako, euskara hizkuntza nagusia izango duen Euskal Irrati-Telebista beharrezkoa dela aldarrikatu dute. «Euskararen normalizazioaren ardura nagusia bere gain hartuko duena».

Mugimenduak kritikatu du EITBn «marko espainiarra» gailendu izana. «Horrek kultura eta hizkuntza komunitate gisa galbidera garamatza, ezbairik gabe. Erdal erreferentziak sustatu ordez, Euskal Herriko erreferentziak indartu eta herritarren artean zubiak eraikiko dituen EITB behar dugu. Eskualde guztietako txokoak eta pertsonak hurbilduko dizkigun EITB, alegia».

Eusko Jaurlaritzaren politikek, bestalde, ez dituzte herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen, mobilizazioaren deitzaileen arabera. «Haatik, herritarrak bete-betean gazteleran murgiltzea eragiten dute. Izan ere, zinema eta streaming plataformetan, gaztelaniazko eskaintza da nagusi, eta euskarazkoak ez du ia tokirik». Euskaldunen eskubideak bermatzeko eta hizkuntza biziberritzeko, Aldatu Gidoia taldeak behar-beharrezkotzat jotzen du gaur egungo ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak aintzat hartzea. «EITBz haragoko hizkuntza politikak abian jarri behar dira; hots, kultura eta fikzioaren euskarazko eskaintza zabal eta erakargarria, EITBren euskarri eta leihoez gain, jendea dagoen tokietara eraman behar da: plataformak, zinema eta abar. Jaurlaritzari eskatu diote «berehala» hasteko euskarazko kultura eta fikzioaren eskaintza «erakargarria» osatzeko lanean.

Aldatu Gidoia mugimenduak dio euskara erdigunean jarriko duten kultura eta ikus-entzunezko politikak behar direla. «Egoera iraultzeko garaia da, gidoia aldatu, eta kulturan, EITBn eta ikus-entzunezkoetan euskara erdigunean jartzeko tenorea da». Hartaz, kultura eta ikus-entzunezko politikak errotik aldatzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Euskarazko sortzaileen lan egoera «duintzeko» beharra ere nabarmendu dute.

Aipatutako arrazoi horiek aintzat hartuta, «gure hizkuntza eta kultura inporta zaion orori» dei egin diete maiatzaren 18ko Gasteizko mobilizaziora joateko. «Guztion artean, eskubideen eta euskararen alde dagoen gehiengo bat artikulatu nahi dugu. Guztion bultzadaz, ireki diezaiogun aukera-leiho bat euskarari». Euskararen alde gidoia aldatzeko ordua dela ihardetsi dute. Euskalgintzako alor oso desberdinetako eragileek egin dute bat mobilizazio deialdiarekin.

Moblizazioa iragartzeko bideoa. ALDATU GIDOIA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.