2001eko azaroaren 16an argitaratu zuen lehen albistea Sustatu.eus informazio weblogak (Sustatu.com zen orduan). Luistxo Fernandez (Eibar, Gipuzkoa, 1966) sortzaileak hamabost urteotako balantzea egin du. Formularen arrakasta erlatibizatu du, baina jarraitzeko asmoa agertu du, guneak bere lekua topatu duelakoan.
Zuek ere ez zenuten ezer asmatu Sustatu sortu zenutenean. Nondik hartu zenuten ideia?
Gaztelerazko Barrapunto eta ingelesezko Slashdot ziren orduko eredu argienak, baina, guretzat, gustukoena Kuro5hin.org zen. New Yorkeko Dorre Bikien kontrako erasoa gertatu eta hilabetera sortu genuen Sustatu. Probako lehen artikulua urriaren 11n idatzi nuen, hegazkin bat New Yorkeko auzo batean erori zenean. Baina lehen albiste ofiziala azaroaren 16an argitaratu genuen.
Kazetaritza orokorra egiteko asmoa bazenuten, beraz?
Bai, pixka bat denetik jorratzen genuen, gero joan gara zehaztuz gure eremua; eta, kazetaritzari uko eginda, teknologiaz informatzen duen gunea gara orain, ohar kultureta batzuekin. Noski, gero, edonork karga dezake nahi duena, hori beti izan da horrela. Euskarazko Interneteko gauzak sustatzea zen asmoa, horregatik geratu zen izen arraro horrekin.
Sustatu sortu zenuten garaian teknologia berriak ziren haietako asko ez al dira teknologia zaharrak orain?
Oraindik baliokoa da gure formula, ez dago zaharkitua, baina ez da iritsi ere ezer berezi izatera. Gazteleraz, frantsesez eta, zer esanik ez, ingelesez heldu dira halakoak hedabide puruak izatera: egitura batekin, langileekin, erredakzioekin... ZuZeu sortu zen gero, asmo horrekin akaso, baina hura ere ez da bilakatu Rue89 edo Eldiario.es. Frogatu da urteotan euskarak ez duela masarik Interneteko hedabide propiorik—edo, gutxienez, erredakziorik— mantentzeko, besteak beste, babesa ere minimoa delako. Euskarazko garapen teknologikorako aurrekontuetan murrizketa handiak egin zituzten aurreko legealdiaren hasieran, eta ez dituzte zuzendu. Ikusiko dugu berrian.
Erredakzioa duten paperezko hedabideek Interneteko eskaintza asko garatu dutelako ere izango da, ezta?
Baita ere. 2001. urte hartan, euskarazko hedabideek oso kasu gutxi egiten zioten Interneti. Orain, BERRIAk, Argia-k eta EITBk betetzen dute euskarazko Interneteko esparrua.
Orduan, zein da orain Sustaturen lekua?
Oso zaila da etorkizuna iragartzea une honetan. Interneten gauzak asmatu behar dira, eta gu saiatu egiten gara horretan. Orain, gure esparrua teknologiaren inguruko informazioa da. Antzeko beste gauza bat sortu dute: Sarean.eus. Uste dut bientzat tokia egon daitekeela. Sekulako artxiboa du Sustatu-k: duela hamabost urteko permalinkek funtzionatu egiten dute, beste leku askotan galdu egin diren bitartean. Internet zaharkitua geratu da; webgune artxibo osoak galdu dira.
Iruzkin anonimoak galarazteko hartu zenuten neurriak ez du eztabaida hil Sustatu-n?
Asko jaitsi dira iruzkinak. Baina anonimoen eztabaidak ez du interesik. Trollak eta anonimoak ez dira inor. Niri pertsonen iritziak iruditzen zaizkit garrantzitsuak, batez ere euskaldunon artean, gutxi garelako.
Berrikuntzarik prestatzen ari al zarete?
App bat aterako dugu laster, Androiderako. Jakinarazpenak jasotzeko izango da. Urte amaierarako prest egongo da. Itxura originala eman nahi diogu, eta ikusi nahi dugu hortik interakziorik etorriko ote den. Ez gara oso baikorrak, baina bide bat irekita utzi nahi dugu.
Orain, honako hauek dira lehentasunak: sakelako telefonoetarako gauzak egin behar dira, eta, horrez gain, euskal estatu independente bat.
Luistxo Fernandez. Sustaturen sortzailea
«Euskarak ez du masarik Interneteko hedabide propioa izateko»
Hamabost urte bete ditu 'Sustatu' Interneteko albiste blogak. Urteotako errepasoa egin du Fernandezek, eta arrakastez eta ezinez mintzatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu