Makina bat antzezlanetan, filmetan eta telesailetan egin du lan Sara Cozarrek (Ordizia, Gipuzkoa, 1980). Aurten, lau telesailetan ari da: Go!azen, Zeru ahoak, Desagertua eta La Caza. Irati. Patxi Bisquerten Ombuaren Itzala filmean, berriz, Otañoren emaztearena egiten du —datorren urtean estreinatuko dute pelikula hori—.
Basakabira iritsiko da zure pertsonaia, Leire. Zer kargu izango du?
Basakabiko Harreman Instituzionalen eta Kulturako Sailaren arduraduna izango da Leire. Alabarekin iritsiko da udalekura. Jabeek esan diote Basakabin ez dagoela zuzendaririk, eta fundamentu handiko norbaiten bila dabiltza; hortaz, pentsatuko du bera izan daitekeela zuzendari berria. Baina Maitaneri [Nerea Arriola] emango diote postua. Lankidetza estua izan beharko dute Leirek eta Maitanek, eta gorabeherak izango dira haien artean.
Nerea Arriola tartean izanik, umorerako momentuak ere izango dira?
Bai, aurreko denboraldian Maitanek eta Zurik zuten harremanaren antzekoa da. Leire oso zorrotza eta arduratsua da, baina Maitanek eta Leirek elkar maite dute. Bestalde, denboraldi honetan Basakabin Kepa Etxaide izeneko musikariaren omenaldi handia egitekotan dira, eta omenaldi horretan ikasleetako batek abestuko du. Leirek nahi duena da bere alabak omenaldi horretan kantatzea.
Nola joan ziren udan grabaketak?
Oso ondo. Lan erritmo bizia da: bi hilabetean hamabi atalak grabatu genituen. Seiehun sekuentzia baino gehiago dira. Niri Goenkale etortzen zitzaidan burura, erritmoa antzekoa baita. Giro oso ona zegoen, eta aktore gazteak jator-jatorrak dira.
Zer iruditu zaizkizu aktore gazteak?
Oso prestatuak daude arlo askotan. Ia denek solfeoa egin dute, kantatzen dute, musika tresnak jotzen dituzte, dantzatzen dira... Oso arduratsuak eta langileak dira denak. Go!azen oso lan exijentea da: asko ikasi beharra dago. Gidoi guztiak batera ematen dizkigute, eta etxean sekulako lana egin behar dugu aktoreok. Itziar Gomez telesaileko zuzendariak lan handia egiten du, baita Idoia Uranga eta Tessa Andonegi aktore zuzendariek ere. Aktoreok oso ondo eraman behar dugu dena, grabaketetan ez baitago denbora galtzerik. Gazteek ikasten dituzten dantza koreografiak, bestalde, oso-oso zailak iruditzen zaizkit.
Zure espektatibak gainditu ditu?
Bai. Lan egiteko modua eta exijentzia nolakoak ziren ez nekien, eta nire espektatibak gainditu ditu. Sekulako esfortzua da. Talde teknikoa ere jo eta su aritzen da bi hilabete horietan. Uda oso ondo pasatu nuen: oso gustura joan nintzen goizero lanera. Gazteekin nagoen uneetan esaten dut 23 urte ditudala...
Asteburu honetan, lehen atala Euskal Herriko 70 herri eta hiritan proiektatuko dute. Zer sentimendu eragiten dizu? Zer garrantzi du?
Sekulakoa da. Euskarak eta euskal kulturak oso eskertuta egon behar dute Go!azen-ekin. Haurrei antzerki eskolak ematen dizkiet ostiraletan; jabetzen naiz Go!azen ikusten dutenek euskara maila hobetzen dutela. Abestiak entzun eta ikasten dituzte, gainera. Go!azen oso sartuta dago Euskal Herriko etxe askotan: oso euskaldunak diren etxeetan, baina baita ez hain euskaldunetan ere. Leiho bat da, eta bide bat gazteek euskarari kasu egiteko.
Haurrentzako Go!azen eta Irabazi arte daude. Baina helduentzat ez hainbeste, ezta?
Ez, hala da. Goenkale amaitu zenetik ez da eguneroko telesailik izan, eta asterokoa ere ez. Orain gutxi, Zeru ahoak grabatu dugu.
Nola joan da Zeru ahoak?
Primeran. Go!azen amaitu eta hurrengo astean hasi nintzen bertan. Gipuzkoan eta Bizkaian grabatu genuen. Pertsonaia oso-oso desberdina da: Carmen da nire pertsonaia, eta asko disfrutatu dut. Uste dut Zeru ahoak oso-oso ondo geldituko dela.
Proiektu askotan lan egitea egokitu zaizu aurten, ezta?
Bai, oso urte polita izan da. Oraintxe, Desagertuta telesailean ari naiz. Bi hizkuntzatan ari gara grabatzen, baina hori bera lehendik Erlauntza filmean egina nuen. Bestalde, La Caza. Irati telesailean ari naiz: TVEtik Movistar Plusera pasatu da fikzio hori laugarren denboraldian. Nafarroan grabatu ditugu sekuentzia batzuk, eta datorren astean Madrilera joango gara. Hilketa batzuk gertatzen dira fikzio horretan, eta denak dira susmagarri.
Denbora gutxian lau telesail. Eta ez hori bakarrik.
Ba, bai, zeren martxoan Masustondoen patioa antzezlana estreinatu genuen Vaiven taldearekin. Ombuaren itzala filmean, gainera, Otañoren emaztearena egiten dut; Argentinan izan ginen apirilean grabatzen, Panpan. Eta Jose Mari Goenagaren eta Aitor Arregiren Maspalomas filmean pertsonaia txiki bat egingo dut abenduan. Oso urte polita, beraz. Ea hurrengoa nola doan.