Telebista

Euskara oso gutxi entzuten da FesTVal jaialdian

Bai Euskarari elkartea Gasteizko FesTVal jaialdiaren hizkuntza praktiken behaketa egiten ari da. Gasteizko Udalari bidaliko dizkio emaitzak, baina ez dira publikoak. Agerikoa da euskarak oso-oso presentzia txikia duela jaialdian.

'Gran Hermano'-ren aurkezpena, irailaren 2an, Gasteizko FesTVal jaialdian. MEDIASET
'Gran Hermano'-ren aurkezpena, irailaren 2an, Gasteizko FesTVal jaialdian. MEDIASET
urtzi urkizu
Gasteiz
2024ko irailaren 7a
05:00
Entzun

Hamaseigarren aldia du Gasteizko FesTVal jaialdiak, eta, urtero bezala, Espainiako hainbat telebista katek beren saio berriak aurkeztu dituzte Arabako hiriburuan. Streaming plataforma batzuen Espainiako adarrek ere hala egin dute aurten. Ohiko moduan, euskarak presentzia eskasa du jaialdian. Hizkuntzaren erabileraren inguruko datuak aztertzen ari da Bai Euskarari elkartea; Gasteizko Udalaren Euskara Elkarguneak proposatu du udalak diruz laguntzen dituen edo-eta kontratu zein hitzarmenen bidez babesten dituen ekitaldien hizkuntza praktika aztertzea. Eta lanaren ardura da Bai Euskarari elkartearena. Ez dituzte datuak publikoki plazaratu, baina Gasteizko Udalak jasoko ditu.

Gaur amaituko da FesTVal jaialdia, Europa jauregian. Hainbat sari emango dituzte bertan; besteak beste, Joseba Argiñano Sukalerrian ETB1eko saioa eta Porno belaunaldia dokumental saioa (ETB, TV3 eta Shine Iberia) sarituko dituzte. Hala ere, jaialdiak hainbat sari ematen ditu, eta horiek Espainiako telebista kateetako aurkezleentzat izango dira.

ETBren aurrestreinaldia, gaztelaniaz

Jaialdiaren barnean egin dituzten aurkezpenei dagokienez, guztiak izan dira gaztelaniaz, salbuespen batekin: asteartean, ETBk denboraldi berriko programazioa aurkeztu zuen, eta bi hizkuntzatan aritu ziren —euskarazko saioak hizkuntza horretan aurkeztu zituzten, eta ETB2koak, gaztelaniaz; ETB3 ez zuten aipatu ere egin—. ETBk beste aurkezpen batzuk egin zituen, baina ez ziren euskaraz izan: Klik belaunaldia eta Vaya semanita saioen aurkezpenak gaztelaniaz egin zituzten. Hain zuzen ere, ETBk aurrestreinaldiren bat egin ohi du jaialdian, eta aurten ETB2ko Vaya semanita umore saioaren itzulera aukeratu du horretarako. Primeran-ek, bestalde, Acoustic Home musika saioa aurkeztu du; hamar musikarik joko dute Bizkaiko hainbat tokitan, eta haietako bakar batek ere ez euskaraz.

Haurrentzat euskarak balio dezakeela dirudi, ordea. Jaialdian hainbat urtez haurrentzako ekitaldiren bat egin izan dute, euskaraz. Hala egin dute aurten ere: asteazkenean, Makusi plataformak tarte berezia izan zuen FesTVal jaialdian —Plaza Berrian—, eta Potx eta Lotx pailazoek emanaldi bat egin zuten.

David Broncano TVEko aurkezlea, Gasteizko FesTVal jaialdian.
David Broncano TVEko aurkezlea, Gasteizko FesTVal jaialdian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE

Jaialdian gertatzen denaren inguruko informazioa, bestalde, gaztelaniaz zein euskaraz eskaintzen dute; FesTVal jaialdiaren webgunea eta albiste guztiak euskaraz zein gaztelaniaz irakur daitezke. Prentsa ohar gehienak gaztelaniaz zein euskaraz irakur daitezke.

Aipatzekoa da, bestalde, ikus-entzunezkoen Espainiako lege berriak behartu egiten duela TVE hainbat eduki euskaraz, katalanez eta galegoz ematera, eta betekizun batzuk dituztela Espainian egoitza duten streaming plataformek ere. Legea urratzen ari dira, ez dira ari euskaraz ezer ekoizten, eta horrek ere badu eragina Gasteizko FesTVal jaialdian. Legea bete eta euskaraz ekoizpenak egingo balituzte, Arabako hiriburuko jaialdian aurkezteko aukera izango lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.