Zein da euskararen erabilera eremua? Zein dira euskaldunon hizkuntzaren mugak? Euskal Herria euskararen herria bada, ez al da gure herria uste baino zabalagoa? Galdera horiek proposatu ditu Iñigo Asensiok Euskara munduan dokumentalean, eta, horretarako, bost kontinentetako hamar herrialdetan bizi diren profil ezberdinetako euskal hiztunen testigantzak jaso ditu. Gaur estreinatuko du ETB1ek lana (22:25), Euskararen Nazioarteko Egunaren harira prestatu duen programazio berezian.
Euskara munduan laneko protagonista gehienak egun batean Euskal Herritik atera ziren, eta, urteek aurrera eginda ere, euskararekin harremana izan dute. Protagonistetako batzuk hauek dira: Angel Olaran —Tanzanian eta Etiopian 40 urte daramatzan misiolaria—, Gurutze Etxeberria—Amezketatik Mexikora bizitzera joan zen irakaslea—, Ainhoa Añorga —Berlingo Euskal Etxeko presidentea—, Josefina Gangoiti—Australian 50 urte daraman bermeotarra— eta Ignacio Galdos—azkeneko 60 urteetan Indian lanean aritu den misiolaria—.
Dokumentalaren bidez, Asensio bi bidetan ibiliko da: batetik, migrazioaren bidean euskararen munduko mapa zeharkatzeko; eta, bestetik, itzulerako bidaia ere egingo du bigarren bidean. Japonian, Australian, Italian, Mexikon zein Ameriketako Estatu Batuetan Euskal Herriarekin harremanik ez duten euskara ikasle ugari daude, eta horien lekukotzak ere jasoko ditu dokumentalak.
Korima Filmsek eta Traola Komunikazioak ekoitzi dute Euskara munduan. 75 minutuko iraupena du, eta trailerra www.euskaramunduan.com webgunean ikus daiteke.
Dokumental horren ostean,23:40an, Kalesareak lana ikusi ahalko da ETB1en. Saioaren helburua euskarazko espazio ireki bat sortzea da, 18-30 urte arteko gazteak aktiboak izan daitezen beren kezketarako proposamen eta irtenbideak bilatzen. Bizkaiko gazteen errealitate, desio, zalantza eta bizimodua erakutsiko du dokumentalak. Gazteak, kamera eskuetan, lokal, ikastetxe eta gazte lekuetatik kalera irtengo dira, beren sormen gaitasuna erakutsi eta bideoak egiteko. Road movie moduko bat proposatzen du dokumentalak, Bizkaian barrena —Kaliforniaraere iritsiko da—. Arlo ugari jorratuko dituzte gazte bizkaitarrek: sexua, ikasketak, lana, euskara, etxebizitza, komunikazioa eta kultura.
Gazteak, bestalde, 69 baietz! erronka jarri du martxan, euskarazko 69 sexu hitz biltzeko asmoz. Tokiaren arabera sexu hitzek hartzen dituzten formak aztertuko dituzte.
Halaber, Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotuta, euskaldunek idazten dituzten txioak mapa batean jasoko ditu gaur EITBren webguneak. Horretarako, txiolariek Twitter geolokalizatu behar dute, eta traola ofiziala erabili: #eusgara. Bestalde, EITBk Puntueus domeinuak Bilbon egingo duten ekitaldia emango du bere webgunean streaming bidez, 12:00etan.
'Euskara munduan' eta 'Kalesareak' lanak estreinatuko ditu gaur ETB1ek
Lehen dokumentalean, Iñigo Asensio hamar herrialdetako euskal hiztunekin izan da (22:25)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu