Juan Carlos Etxegoien Xamar irakasle, ikerlari eta dibulgatzaileak Euskara jendea izeneko liburua eman zuen argitara 2006an, Pamiela argitaletxearekin. Izen bereko dokumental sorta ekoitzi zuten 2013an Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara kultur elkarteek. Badira aste batzuk dokumental sorta hori Primeran plataforman jarri zutela. Orain, berriz, Youtuben dago ikusgai osorik, Zenbat Gara elkartearen kanalean. Euskararen historian sakontzen du lanak, Xamarrek egindako ikerketak abiapuntu dituela.
Dokumental sortaren izenburu osoa Euskara jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza da. 40-50 minutu arteko sei atalek osatzen dute dibulgazio lan hori. Atalak honako hauek dira: Historiaren atarian, Erromako inperioan, Aniztasunaren bidean, Mugetan gaindi, Gerren arteko pizkundean eta Mundua osatzen.
Ikus-entzunezko lan horren taldean honako lagun hauek parte hartu zuten: Hibai Castrok (ekoizpen, errealizazio eta filmaketa lanak egin zituen), Mikel Arredondok (ekoizpen eta didaktika lanak), Adur Larreak (postprodukzio eta grafismo lanak), Lutxo Egiak (gidoia eta harremanak), Maria Uriartek (lokuzioak) eta Ion Gorka Fernandezek (soinu ingeniaria). Xamar bera edukietan eta gidoiak zehazten aritu zen lantaldearekin. Dokumentaletan hizketan ageri dira hainbat hizkuntzalari, arkeologo, historialari, zientzialari, sortzaile eta elkarteetako ordezkari. Zenbat Gara elkartearen arabera, «auzolan handia» izan zen lan hura, Euskal Herriko hainbat bazterretan eta atzerrian egin zutena. Grabaketaren prozesuan, Moccionio Vero erromatarren hilarria aurkitu zuten.
Xamarrek hainbat aurreiritzi historiko gezurtatzen ditu liburuan eta dokumentalean, eta hizkuntza bera hiztunen komunitatearen bilakaerarekin erabat loturik dagoela azaltzen du. Xamarrek berak askotariko liburuak idatzi ditu azkeneko urteetan. Azkenekoa, iaz: Biziaroak. Herri kultura. Bertan, euskararen herriak mendeetan garatutako usadioen ikerketa antropologikoa eta etnografikoa egin du. 2020an, Euskadi Saria jaso zuen, Etxerako bidean liburuarengatik.
Material didaktikoa
Dokumentalaren osagarri, dokumental sortarekin lotutako material didaktikoa aurki daiteke Euskara jendea egitasmoaren webgunean. Material hori baliagarria izan daiteke hainbat hezkuntza eremutan erabiltzeko, baita euskaltegietan ere. Hain zuzen ere, ikasleek eta irakasleek kapitulu bakoitza landu dezaten aproposak diren PDFak aurki daitezke bertan.
Dokumental sortaz gain, Bilbo Hiria irratiak izen bereko irratsaio bat egin zuen. Xamarrek berak eta Xabier Monasteriok landu zituzten irratsaioak, 2020an. Guztiak entzungai daude Bilbo Hiria Irratiaren webgunean.
Beste alde batetik, dokumental saioa DVD formatuan ere jarri zuten salgai egileek.