Euskara jakitea meritutzat hartuko dute EAEko RTVEko kazetarientzat

RTVEko presidente Jose Pablo Lopezek Espainiako Senatuan esan du bileretan ari direla Clan kateko edukiak euskarara bikoizteko.

Jose Pablo Lopez RTVEko presidentea, gaur, Espainiako Senatuan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Jose Pablo Lopez RTVEko presidentea, gaur, Espainiako Senatuan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 28a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain arte, EAEko RTVEko lurralde zentroan kazetariei ez diete euskara jakiterik eskatu. «Etorkizuneko lan deialdietan, ordea, euskara jakitea meritutzat hartuko dugu RTVEko lurralde zentroko kazetarientzat», adierazi du RTVEko presidente Jose Pablo Lopezek Espainiako Senatuan, Josu Estarrona EH Bilduko senatariak egindako galdera batzuei erantzutean.

Duela hilabete batzuk, Lopezek iragarri zuen Clan kateko edukiak euskaraz emateko lanean hasia dela RTVE. Horretan zer pauso eman dituzten galdetu du EH Bilduko ordezkariak. Eta RTVEko presidenteak azaldu du hainbat bilera egiten ari direla gai horri lotuta. «Apirilean, bilerak egin ditugu Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikako Sailarekin. ETBko ordezkariekin egindako bilerak ere probetxuzkoak izan dira». ETBrekin harremanak sakontzeko asmoa azaldu du Lopezek: «Aztertzen ari gara katalogoko zein eduki izan daitezkeen interes komunekoak ETBrentzat eta TVErentzat». Iragarri du maiatzean Eusko Jaurlaritzako lehendakariordearekin bilduko dela, «euskara RTVEko lurralde zentroan ezartzeari begirako lanetan sakontzeko».

Bestalde, Lopezek iragarri duenez, RTVEk finantzaketa aurreratutako laguntzak handituko ditu euskarazko zineman, %15etik %25era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.