Euskara, BBCren uhinetan

BBCn 1947 eta 1956 bitartean euskaraz egindako irratsaioak ikertzen ari da Leyre Arrieta historialaria. Debekatua zuten eduki politikoak zabaltzea, eta, haren ustez, euskara munduan entzutea zuten xede.

BERRIA.
ane insausti barandiaran
Donostia
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Euzkeldunak: BBCk agur degitsue Londonetik. BBCk gizon eta errijen alkar atutzea gura dau, bai, eta gaur lehengo aldiz euzkeldunakin be artu-emonetan jartzen da». Hitz horiek entzun ziren BBCren uhinetan, 1947an. Spanish programme izeneko saioaren barruan izan zen; ia hamar urtez, hilabetean behin, euskara zabaldu zuen BBCk bere irratiko uhinen bidez.

Leyre Arrieta historialari eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak aurkitu zuen lehen irratsaio horretako testua, Kataluniako Artxibategi Nazionalean. Dena «nahaste» batetik hasi zela azaldu du: Galiziako kulturaren kontseilutik deitu zuten, BBCk euskaraz egindako irratsaioei buruz hitzaldi bat ematea eskatzeko.«Nik ikertu dut Radio Euskadi irrati klandestinoa, pare bat liburu eta artikulu batzuk idatzi ditut horren inguruan. Agian horregatik gonbidatu ninduten, pentsatu zuten berdina zela. Eta nik baietz esan nien».

Informazio bila hasitakoan, ordea, konturatu zen bi irratsaio desberdin zirela: «Nik pentsatzen nuen zerbait idatzia bazegoela irratsaioei buruz. Eta bai, bazegoen, baina Alberto Onaindia apaizak egindako irratsaioei buruz; eta ez dira gauza bera». 1940an, BBCk Latinoamerikan kontrapropaganda egiteko kontratatua izan zuen apaiz bat izan zen Alberto Onaindia, baina gaztelaniaz egiten zituen saioak.

BBCko irratsaioak, ordea, beste batzuk zirela ikusi zuen: Spanish programme izeneko programa baten barruan emititzen zituzten: hilean bitan katalanez, hilean behin galizieraz, eta hilean behin euskaraz jarduten ziren. Hor hasi zen puzzlea osatzeko festa, eta piezaz pieza joan da informazioa lortzen. Izan ere, puzzle batekin konparatzen du historialarien lana Arrietak: «Hartzen dituzu soltean topatutako piezak, eta puzzlea osatzea da politena».

Artxiboetara jo zuen historialariak orduan, eta, gainerako bi hizkuntzetakoen kontrara, ikusi zuen ez zegoela ia euskarazko irratsaioei buruzko informaziorik; ez dokumenturik, eta ez gidoirik. Dena den, aurkitu zuen hitzaldia emateko adina informazio, eta horren berri eman zuen Galiziako jardunaldietan. Josep Manye kataluniarra —Jorge Marin ezizenez ezaguna— zegoen irratsaioen atzean. Eta, hitzaldia eman ondoren, BBCko irratsaioen galizierazko bertsioak ikertu zituen historialariak aipatu zion Manyeren artxiboa Kataluniako Artxibategi Nazionalean zegoela gordeta: «Bidali zidan ordura arte jasotako dokumentazioa, eta esan zidan: 'Ez dut euskaldunei buruzko besterik bilatu'».

Arrietak, ordea, intuizioari jarraitu, eta artxibategia bisitatzea erabaki zuen: Espainiako Artxibategi Orokorrera joan zen lehenengo, Alcala de Henaresera, eta, horren ostean joan zen Kataluniakora. Historialari galiziarrak esandako informazioa topatu zuen, eta, hori aztertzen amaitzean, korrespondentzia begiratzea erabaki zuen, hegaldia hurrengo egunean zeukalako. Hori izan zen eureka momentua: «Gehiena alferrikako lana izan zen, baina, azken momentuan, karpetatxo txiki bat aurkitu nuen, paperezkoa: Basques zioena. Eta hor esan nuen: 'Hemen dago'».

Paperezko karpeta horretan aurkitu zuen irratsaioko lehen testua, Angel Urrutiak —Father Urrutia ere deitzen zioten— saioan esan zuena: «Hasieran ez nekien lehen programa zenik, baina, gero, ikusi nuen Father Urrutiaren izena, eta 'Basque programme, 1. Edit and produced by Josep Manye'jartzen zuen [Euskarazko programa, 1. Josep Manyek editatua eta ekoitzia]».

Edukiak, kulturalak

Gidoian irakur daitekeenez, Boga boga abestia jarri zuten lehen saio horretan. Edukiak «guztiz kulturalak» zirela adierazi du historialariak, eta inolaz ere ez zietela eduki politikorik emititzen uzten. Hala berretsi du orain arte topatutako testu guztietan: sermoi itxura daukate, kulturalak eta erlijiosoak dira, edo, bestela, Erresuma Batuaren «izaera demokratikoa» goraipatzen dute: «Ez da kasualitatea orain arte aurkitu ditudan izen guztiak erlijiosoenak izatea. Batetik, profil moderatu hori izateagatik, eta, bestetik, euskara jasoa zuten bakarrak abadeak zirelako garai hartan».

Baina nolatan animatu zen BBC euskarazko edukiak zabaltzera, frankismo garaian? Arrietaren arabera, interes politikoengatik eta komertzialengatik izan zen, Arrietaren hitzetan: «BBCk prestigio handia lortu zuen Bigarren Mundu Gerran. Eta, 1947an,prestigio hori zabaldu nahi izan zuen, handitu, eta Josep Manyeren proposamena onartu zuen, audientzia zabaltzeko helburuarekin».

Dena den, edukien gaineko kontrol zorrotza egiten zuten,ez zitzaielako interesatzen Francisco Franco Espainiako diktadorearekin arazorik izatea. Gainera, «harrigarria» da, Arrietarentzat, ikustea edukiak nola «kontrolatzen eta monitorizatzen» zituzten: «Gaurko audientziak bezala. Esateko zer programa gustatzen zaien, zer esatari den jendearen gustukoa...».

Katalanez eta galizieraz egindako saioek esatari bakarra zuten, baina, euskarazkoen kasuan, izen bat baino gehiago topatu ditu Arrietak: «Batzuk bertan zeuden, Londresen. Angel Urrutia, adibidez, bertan zegoen, eta, itxuraz, berak lokutatzen zituen testuak». Maria Gezuragaren berri ere izan du: Londresera haurrekin joandako emakume bat zen, eta esatari lanak egin zituen, testuak berak idazten ez zituen arren.

Manye, bitartekaria

Esatariak bezala, irratsaioko gidoilarien zenbait izen topatu ditu historialariak. Esaterako, batzuetan, Paristik bidaltzen zituen testu batzuk Andima Ibiñagabeitia erlijioso izandakoak, eta Gabriel Manterolaren izena ere topatu du gidoilarien artean. Hortaz, hainbat bidetatik bidaltzen zituzten, Manyerengana iritsi arte. «Zuzenean Manyeri bidaltzen zizkioten, edo Eusko Jaurlaritzaren egoitzara bidaltzen zituzten, eta handik bidaltzen zituzten irratira, Manyeren esku uzteko. Hura zen bitartekaria, dena kontrolatzen zuena eta programen arduraduna».

Baina nola iristen ziren Paristik edo Euskal Herritik testuak Londresera? Bada, Joseba Rezolaren bidez. Donibane Lohizunen (Lapurdi) bizi zen ordiziarra (Gipuzkoa), eta hura izan zen Radio Euskadi irrati klandestinoaren sortzailea ere: «Iparraldetik dena kontrolatzen zuen Rezolak. Berak eskatzen zien esatariei eta apaizei testuak idazteko».

Era berean, euskal erbesteratuei ere eskatzen zien mesedez saio horiek entzuteko, eta BBCra idazteko eskerrak emanez. Arrietak ez du uste irratsaioak jende askok entzungo zituenik, baina aurkitu ditu eskerrak emanez BBCra bidalitako eskutitz horietako batzuk. «Helburua zen saioa mantentzea, eta euskara munduan zehar entzutea, nik uste».

Irratsaio horiek hautsak ere harrotu zituzten, ordea, Londresen erbesteratuta zeuden hainbat espainiarren kexak entzun behar izan baitzituen BBCk. Eta ez frankisten aldetik soilik. «Erbesteratuta zeuden espainiar errepublikanok, monarkikoak... eta ez zitzaien batere gustatu Katalunia, Galizia eta Euskadi hor sartzea, esaten zutelako, hitz hauekin: 'Espainiako beste eskualde batzuk' kanpoan geratzen zirela».BBCko arduradunen artean eztabaidatu zuten, baina mantentzea erabaki zuten. Hori bai, zalantza dauka ea etenik gabe emititu ote ziren, oraingoz kontrakoa dioen informaziorik topatu ez badu ere.

Arrazoi politikoengatik sortu zen bezala, arrazoi politikoengatik amaitu zen euskarazko irratsaioa, 1956an, testuingurua aldatu zelako: «1956an, BBCk pentsatu zuen ekialdeko Europara zuzendu behar zuela gehiago bere propaganda eta inbertsioa. Jada ez zeukan interesik Espainian, 1950eko hamarkadan guztiz errehabilitatuta baitzegoen Francoren Espainia». Eta hor amaitu zen euskarazko irratsaio horien ibilbidea, BBC irratian.

Piezaz pieza

Arrieta pausoz pauso eta piezaz pieza ari da gaian sakontzeko xehetasunen bila. Ekainean, BBCko artxibora egingo du bisita; dagoeneko hartuta dauka hitzordua. Badaki irratsaioen audioak ez daudela gordeta, historialari galiziarrei hala esan zietelako. Idatzizko artxiboak aztertuko ditu, ordea: «Ez dut horrelako testu gehiago topatzea espero. Topatuko ditudanak dira BBCko arduradunen eta gizon honen [Manyeren] arteko eskutitzak», onartu du historialariak.

Artxibokoekin harremana oso ona izan dela azaldu du Arrietak, baina dena ez du nahiko lukeen bezala egingo: batetik, artxiboa asteazkenetik ostiralera bitartean soilik baitago irekita, eta, hortaz, ezingo baitu aste osoan bisitatu. Bestetik, aldez aurretik zehaztu behar baitu zein informazioaikertu nahi duen, eta bertan dagoela ezin du beste eskaerarik egin: «Esperientziak erakutsi dit askotan bertan kontsultatzen ari zaren karpeta batek beste batera bidaltzen zaituela. Baina, tira, artxiboaren politika hori da, eta errespetatu egin behar». Ondorioz, orain arte topatutako izen guztien zerrenda bidali du, hara heltzean ahalik eta informazio gehien aztertzeko.

Arrietak esan du orain arte egindako bidea «polita» dela, eta, duela aste batzuk albistegietan atera zenetik, helduleku berriak ere aurkitu ditu: «Beste esatari baten bilobak idatzi zidan esanez haren aitona ere horretan aritu zela, eta zerbait aurkituz gero bidaltzeko». Ez dauka oraingoz hori egiaztatzeko dokumenturik, eta, hortaz, ez du izena aipatu. Dena den, haren izena ere ondo idatzita eramango du Londresko artxibategira.

Intuizioaren atzetik jarraitu nahi du Arrietak, piezaz pieza, puzzlea osatu arte. «Ziur aski kanpoan baino testu gehiago topatuko ditut euskal artxiboetan, trankil hartuta, lasai begiratuz. Beraz, denbora hartzen dudanean, ziur aski hori egingo dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.