Euskalmetek eguraldiari eta klimari buruzko podcast bat estreinatu du: ‘Troposfera’

Meteorologia, klimatologia eta klima aldaketa landuko dituzte, modu dibulgatzailean. Euskalmeteko profesionalek eta beste erakundeetako adituek parte hartuko dute. Aurreneko bost atalak entzun daitezke jada.

Jose Antonio Aranda eta Onintze Salazar Euskalmet agentziako kideak. IREKIA
Jose Antonio Aranda eta Onintze Salazar Euskalmet agentziako kideak. IREKIA
enekoitz telleria sarriegi
2024ko uztailaren 3a
05:00
Entzun

Ez da ausaz aukeratutako izena izan. Jose Antonio Aranda Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziako zuzendariak berak eman ditu azalpenak Troposfera podcast berriaren 0 atalean: «Troposfera Lurreko fenomeno meteorologiko gehien-gehienak gertatzen diren eremuari ematen zaion izen teknikoa da, eta bertan pilatzen da gure planeta estaltzen duen aire masaren %80. Oso geruza mehea da. Lurra sagar bat izango balitz, troposfera sagarraren azala baino gutxiago izango litzateke; horregatik da hain hauskorra». Zuzendariaren beraren hitzetan, hasieratik nabaritzen da Euskalmetek estreinatu berri duen podcastaren helburua dibulgazioa egitea dela: «Eta geruza hori, egunerokoan eragiten diguten fenomeno meteorologikoak gertatzen diren eremu hori, gure jokalekua ere bada. Eta ez bakarrik bizi garen tokia, baizik eta Euskalmeteko profesionalok ongien moldatzen garen lekua».

Ekainaren 23an estreinatu zuen Euskalmet agentziak Troposfera podcasta, eguraldiari eta klimari buruzko hainbat gako eman eta irakasteko helburuarekin. «Dibulgaziorako, informazio baliagarria emateko eta irakasteko izpirituarekin sortu da, eta ez bakarrik fisikarekin lotuta, baita  meteorologiarekin, klimatologiarekin eta klima aldaketarekin lotura estua duten arlo guztiekin ere», azaldu du Arandiak aurkezpeneko pieza horretan. Besteak beste: inpaktuak, trafikoa, ingurumena, ozeanografia, hidrologia, osasuna, baso suteak... «Horregatik, txoko honetatik arlo horietan eskumenak dituzten erakundeekin lotuta dagoen informazioa emango dugu», gaineratu du Euskalmeteko zuzendariak.

Publiko berriarengana iritsi nahi du podcastak, eta zerbitzu publikoa eskaini, formatu berri baten bidez. «Muturreko baldintza meteorologikoei buruzko informazio zehatza eta egokia emateko konpromisoari eusten diogu. Horrela, herritarrei muturreko fenomenoetatik babesten eta horiei aurre egiten prestatzen laguntzeko», nabarmendu du Arandak. 

Adituei elkarrizketak

Euskalmeteko profesionalek parte hartuko dute Troposfera podcastean. Onintze Salazarrek egiten ditu aurkezle eta koordinatzaile lanak orain artekoetan. Meteorologiarekin, klimatologiarekin eta klima aldaketarekin zerikusia duten erakundeetako adituei elkarrizketak egingo dizkiete, tutorialak eskainiko dituzte, eta eguraldiari eta klimari buruzko ikuspegi ezberdinak eman: «Arreta dibulgazio zientifikoan eta ezagutzan jarrita. Eta ez da faltako epe luzeko klimaren joeren eta klima aldaketaren analisirik ere, horien ondorioak arintzeko beharrezko neurrien eta ikerketaren garrantzia azpimarratuz».

Aurreneko denboraldiko lehen bost atalak entzuteko moduan daude jada. Hamar minutu baino gutxiagoko pilulak dira guztiak, Onintze Salazarrek aurkeztutakoak. Azken egunotako eguraldia kontuan hartuta, esanguratsua da lehen atalak proposatzen duen galdera: Zer eguraldi egingo du udan?. Horren ostean datoz beste laurak: Zeruaren koloreak, Marea biziak, Enbatak eta Tornadoak. Iturriozek tonu lasai eta pedagogikoan azaltzen ditu horiei guztiei buruzkoak, musika lasaia eta naturaren hotsak lagun. Troposfera podcasta entzungai dago jada Euskalmeten webgunean, eta ohiko plataformetan: Youtube, iVoox, Spotify...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.