Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (VIII). Iban Arantzabal. Goienako ikus-entzunezkoen burua

«Euskalkian idazteko, territorio libreak dira sare sozialak»

Twitter da Goienaren apustua, «etorkizun oparoena duen saretzat» baitute.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Goienaren sorreratik taldearen Interneteko ardura izan du Iban Arantzabalek (Elgeta, Gipuzkoa, 1975). Sustatuko editore bost urtean, Espaloia kafe antzokiko presidentea eta Ahotsak.com-eko partaidea da.

Zer plangintza duzue Goiena taldean sare sozialen inguruan?

Hasteko eta behin, sare sozialetan aukera bat egin genuen, eta Zugaz.com sortu. Ez du funtzionatu guk gura moduan, eta ikasi dugu dauden sare sozialak direla erabili beharrekoak. Gure apustua Twitter da, eta uste dugu etorkizun oparoena duen tresna dela, oraindik ere Facebook eta Tuenti modukoetan egon arren jende gehiena.

Kazetari guztiek al dute soslaia Twitterren eta Facebooken? Zertarako?

Facebookekoa ur nahastu eta zikin moduan ikusten dut. Informaziorako baino gehiago entretenimendurako eta lagunekin berba egiteko gunea da, baina ur zikinetik asko du... Twitterreko soslaiekin, aldiz, hainbat gauza bilatzen dira, profesionalagoak: Hasteko eta behin, irakurleekin feedbacka, jendeak dioena zuzen-zuzenean jasotzea, gure komunitateari webgunearen azalean bertan leiho bat zabaltzea iritzia askotarikoagoa izan dadin... Informazioa jasotzeko erabiltzen dugu Twitter, emateko, baita elkarrizketa sortzeko ere. Bestetik, eta gure etxeko kazetariak gero eta espezializatuagoak direnez gaietan, aditu sare bat sortzeko ere balio du Twitterreko soslaiak. Azkartasunean irabazi dugu; jende gehiagorengana heltzen gara, eta 2011ko kalearen pareko moduan ikusten ditugu sare sozialak.

Bisiten zer kopuru iristen zaizue sare sozialetatik Goiena.net atarira?

Aldakorra da, baina argi dagoena da gero eta gehiago direla, oraindik %5 inguruan ibili arren. Kantitateaz gain kalitatean irabazten laguntzen digute, irakurle aktiboak izanez. Garrantzia du trafikoak, baina ez dugu burua galduko horrekin. Twitterreko elkarrizketak berak, bisitarik emango ez balute ere, oso garrantzitsuak dira. Gure audientzia aldagai askoren batura da: telebistako ikus-entzuleak, irratiko entzuleak, papereko irakurleak, sareko erabiltzaileak... eta, noski, eskuko telefonoekin jarraitzen gaituztenak, gure Twitter jarraitzaileak... Denek jasotzen dute informazio eta editorial bat, Goienarena: euskaraz, askotarikoa, independentea, autonomiaduna, irekia, kontrastatua...

Zuk zer modutan erabiltzen dituzu Twitter eta Facebook?

Twitterreko nire soslaia pertsonala da, baina lanarekin ere lotua dago. Ez dut esaten noiz noan ohera edo zer gosaldu dudan. Ez naiz eroso sentitzen horrelako tuitekin, baina egia da ez dudala neure burua behartzen tuit garatuetara, ze bestela idazten dudanaren %5 ere ez nuke idatziko... Facebookena, berriz, Twitter ez dutenen esanak jarraitzeko baino ez darabilt, lagunenak-eta. Hala ere, pentsatzen nago nire datu guztiak kentzea Facebooketik.

Euskarazko komunikabideetako kazetarien arteko harremanetarako nolako bideak ireki ditzazkete sare sozialek?

Handiak. Gertuago gaude sare sozialei esker. Publikoagoak dira gure iritziak, eta kontrastatu ere egiten ditugu. BERRIAko eta Goienako kazetariek lasai asko jardun dezakete gai beraren gainean, eta gai bera landuz kazetaria bera ere gusturago gera badaiteke, zer esanik ez irakurlea.

Euskaraz gero eta gehiago idazten da, neurri batean Interneti esker. Zer hausnarketa egiten duzu horren inguruan?

Oso positiboa da. Ahozko tradizioak nauka liluratuta aspaldian, Ahotsak.com moduko proiektuek-eta. Baina idatziak ez dio kalterik egiten ahozkoari. Esango nuke, gainera, 140 karaktereko jardunak ahozkotasunetik gehiago duela araututako idazkeratik baino. Txioka aritzerakoan sortzen da hizkuntza erabiltzeko beste erregistro bat, eta hori hain da aberatsa: laburdurak, esateko erak... Nik sekula ez dut horrenbeste aditz trinko erabili, eta horren «errua» 140 karaktereek dute. :-) Bestetik, euskalkian idazteko territorio librea ere bada. Eta jakinekoa da euskalkiak batua indartu baino ez duela egiten.

Komunikazio munduan aldaketak oso bizkor ari dira gertatzen. Krisia bakarrik negozio ereduentzat izango al da?

Krisiarena arduraz hartu beharreko esparru batean kokatzen dut, baina ezin genezake askorik egin gure moduko enpresek. Egin dezakeguna da kontrolatzen dugun horretan protagonistak izatea komunikazio munduko aldaketetan. Ez dago lo geratzerik, eta ez du balio gu txikiak garela esateak. Gu bagara, eta etorkizunean etor daitekeena guk egin dezakegula sinistuta egin behar ditugu gure bisioak eta planak. Bestalde, eta kontraesana badirudi ere, etorkizuna ez da ezer. Etorkizuna bilatzen egotea da interesantea, gaur garena, egiten duguna. Guk egin dezakeguna oraina da. Garai zirraragarria da hau euskal komunitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.