Ari dira irratiak eta telebistak denboraldi berriei ekiten. Ari dira beren berrikuntzak eta asmoak plazaratzen. Horien artean, Iruñerriko Euskalerria Irratiak etzi hasiko du denboraldia, albistegiak eta arratsaldeko saioa indartuz. Denboraldi berezia izango dute irratian, azaroaren 7tik aurrera 35. urteurrena ospatuko baitute. Eta, bestetik, bideopodcasten aldeko apustua sendotu egingo dutela iragarri dute.
Duela urtebete hasi ziren Euskalerria Irratian irudi bidezko edukiak eskaintzen. Bide horretan jarraitu nahi dute orain. Urritik aurrera, bi bideopodcast berri egingo dituzte. Horietako bat Irratiak trena ordaintzen digu izango da, Ion Celestino eta Amets Aznarez musikarien eskutik. Bestea Euskal Herriko pop kulturaren ingurukoa izango da, eta aurkezleak Eneko Garcia eta Danel Pascual izango dira —Albina Stardust eta Divina Comedia drag queen eta artistak—. Bigarren bideopodcast horrek ez du izenik oraindik.
Irratiak, gainera, beste bi bideopodcasten produkzioan parte hartuko du: Konpainia karrikako amesgaiztoa —Iruñeko Hizkuntza Eskolarekin elkarlanean egiten dute Santi Leonek eta Jaume Gelabertek, zinema fantastikoaren inguruan— eta Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko—Iker Tubiak eta Yasmine Khris Maansrik aurkezten dute, jendaurrean, Laban—.
Arratsaldeak indarturik
Irratiaren ohiko emankizunei dagokienez, Maialen Huarte itzuliko da, eta goizeko albistegiak zuzenduko ditu. Haritz Pascualek gidatuko du eguerdiko albistegia: Iruñerrian Gaur. Arratsaldeak, bestetik, indartu egingo dituzte: Miren Mindegia kazetaria ariko da arratsaldero Irrintzi Plaza irratsaioan, Reyes Ilintxetarekin batera. «Betaurreko moreak zein berdeak jantzita jardungo dute, feminismoaren zein ekologismoaren bidetik», esan du Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko zuzendariak. Lakasta bera eta Pello Argiñarena goizeko magazina gidatzeaz arduratuko dira.
Azaroan 35. urteurrena
Lakastak nabarmendu du irratiaren programazio osoa «komunitatearekin eta komunitatearentzat» egiten duela irratiak. Eta azaroaren 7tik aurrera, euskarazko hedabidearen 35. urteurrena komunitateko euskaldunekin ospatuko dute. Ospakizun ekitaldi berezia egingo dute azaroaren 7an bertan: jendaurrean egingo dute irratsaio berezi bat, kontzertuekin eta entzule guztiei zabaldurik. Horrez gain, urteurrena ospatzeko hainbat saio berezi egingo dituzte estudioetatik kanpo, Nafarroako hainbat herritan eta Iruñerriko auzoetan.
Urteurrenaren ingurumarian, bestalde, Eusko Kultur Fundazioak irratiaren fonoteka digitalizatuko du. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia graduaren laguntzarekin, irratiaren idatzizko agirien inbentarioa egingo dute eta artxibatuko dute. Izango dute bestelako ezustekorik ere.
Euskalerria Irratiak bideopodcasten aldeko apustua egingo du aurten
Euskarazko irratiak etzi hasiko du denboraldia. Maialen Huartek gidatuko du goizeko albistegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu