Euskaldunak saretzeko tresna libre bat

Mastodon sare sozialaren instantzia euskalduna sortu dute. Software librea da, ez dago enpresa baten esku, eta ez du iragarkirik

Mastodon sare sozialaren euskal komunitatearen bertsioa aurkeztu zuten atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Interneten gehien zabalduriko sare sozialak zentralizatuak eta jabedunak dira: Facebook, Instagram, Twitter... Twiterren kasuan, interfaze berritik euskara kendu dute, eta Googlek iragarkiak euskaraz jartzea debekatu du. Facebooken kasuan, azkenaldian kritikak sorrarazi ditu herritarren datuak nola erabiltzen dituzten. Bestelakoa da Mastodon sare soziala: software librea denez, sare deszentralizatua da, eta, horregatik, datuen kudeaketa, pribatutasuna, erabilera arauak eta hizkuntza, instantzia sortu duen komunitate bakoitzaren esku daude. Eta datuak ustiatzen ez direnez, ez dago publizitaterik. Euskaldunak batu eta munduarekin harremanetan jartzeko helburuarekin, Mastodonen euskal instantzia sortu dute hainbat eragilek: Mastodon.eus.

[youtube]https://youtu.be/qZTHc2nELOE[/youtube]

Bilbon aurkeztu zuten atzo Mastodon.eus Puntueus fundazioko, Azkue fundazioko, Iametza eta Dinahosting enpresetako eta Talaios kooperatibako ordezkariek. Librezaleko hainbat aktibistak eta Laborategia 2.0-ko kideek ere parte hartu dute sorreran. Eli Pombo Iametzako kudeatzaileak Asier Iturralde enpresa bereko programatzailearen bidez izan zuen sare sozialaren berri. «Puntueus fundaziora jo genuen, eta Josu Waliñok beste hainbat erakunderekin eta eragilerekin hitz egin zuen. Azkue fundazioa ere epe berean gaiaz hitz egiten ari zen». Pombori«ilusio handia» egiten dio proiektuaren sorreran parte hartzeak: «Herri gisa, konpainia handien menpekotasun teknologikotik ahalduntzeko, garrantzitsua da alternatibak eraikitzea eta bide hori modu kolektiboan egitea».

Iturraldek nabarmendu du sare banatua dela Mastodon. «Milaka Mastodon daude, bakoitza bere komunitatearena; aldi berean, komunitate guztiak lotuta daude». Instantzia batzuk erabilera orokorrekoak dira, besteak hizkuntza komunitate baten inguruan sortuak, eta badira gai edo afizio jakin baten inguruan sortutakoak ere. «Mastodon berriak sor daitezke. Gure kasuan, tresna euskaratzea oso erraza izan da. Gure esku daude aldaketak, software libreak askatasun hori ematen baitu. Eta enpresa baten esku ez dagoenez, gauzak egiteko beste modu bat eskaintzen du». Iturraldek esan duenez, komunitate bakoitzak nahi dituen emotikonoak gaineratu ditzazke. «Guk ikurrina gaineratu dugu, baita ahozbizien eta belarripresten emotikonoak ere».

Puntueus fundazioko zuzendari Josu Waliñok berri pozgarritzat jo zuen Mastodon.eus-en sorrera: «Euskaldunok sarean euskaraz libre egiten ahalbidetuko digun komunitate berria da». Gaineratu zuenez, Mastodon.eus euskal erabiltzaileen komunitatearen esku gelditu da, «eta komunitate horrek erabakiko du Mastodon.eus zer izango den eta nola osatuko den aurrerantzean».

Talaios kooperatibako kide Gorka Julioren arabera, komunitateen bidez eztabaidan ari direnekin elkarrekintzan aritzeko aukera ematen du Mastodonek, federazioari esker. «Berdinen arteko sareak sortzeaz gain, komunitateen arteko elkar errekonozimenduan jarduteko aukera ematen du honela». Informatikaria da Julio, eta abantaila ugari antzeman dizkio tresnari: «Nahi duguna nahi dugun eran sortu, eraldatu eta elkarbanatzeko tresna bat ere bada hau, mundua autonomiatik saretzeko aukera ematen duena».

Izena emateko laguntza

Joan den ostiralean zabaldu zuten Mastodon.eus-en izena emateko aukera, eta egunotan dagoeneko 400 internauta euskaldun erregistratu dira. Ez du zailtasunik izena emateak; edonola ere, webgune bat sortu dute argibideekin eta informazio osatuarekin: aixo.mastodon.eus. Kontu bat sortzeko, erabiltzaile izen bat, helbide elektronikoa eta pasahitz bat baino ez dira behar.

Mezuei toot esaten zaie ingelesez, eta 500 karaktere izan dezakete gehienez. Kontua giltzapetzeko aukera dago, hainbat ezarpen konfigura daitezke eta mezuak Twitterrera bidali. «Lehen egunetako harrera ikusita, tresnak arrakasta izan dezake. Itxura ona du», esan du Iturraldek. «Ari gara martxa hartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.