Hasier Etxeberria kazetariak gidaturik, ETB1ek Euskaldunak saioa estreinatuko du gaur (22:25). Hiru euskaldun seinalatu biltzea du asmoa saioak. «Hiru euskaldun, nor bere bizitzaz, lanaz eta mundua ikusteko eraz berriketan, honetan eta hartaz, azken finean», iragarri du ETBk. «Izan ere, inor baino gehiago ez garela ederki dakigu, baina gutxiago garenik ere ezin esan. Ez, behintzat, geure kontuetan; horretan geu gara errege eta erregina». Estreinako programan, protagonistak hauek izango dira: Anne Igartiburu telebista aurkezlea (Elorrio, Bizkaia, 1969), Hilario Arbelaitz sukaldaria (Oiartzun, Gipuzkoa, 1951) eta Bernardo Atxaga idazlea (Asteasu, Gipuzkoa, 1951).
Etxeberriak azaldu duenez, hiru euskaldun espazio mugatu «zainduetan» mintzatuko dira, bizitzaz, lanaz eta pentsaeraz. «Hiru izaera eta hiru lanbidek bat egingo dute leku batean».
Gaurko saioa herri txiki menditsu batean grabatu zuten, aparteko etxe batean. «Bertako gozoak eta edertasunak bilduta, barruak askatuko dituztelakoan».
Oraingoz, atal bakarra egin dute —irailean grabatu zuten—. «Ikusi beharko da zer harrera duen, eta ez dakigu atal gehiago egingo diren ala ez», adierazi du Etxeberriak.
'Euskaldunak' saioaren probako atala emango du gaur gauean ETB1ek
Anne Igartiburu, Hilario Arbelaitz eta Bernardo Atxaga solasean ariko dira, 22:25ean hasita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu