Nahiz eta salatzaileek oraindik helegitea jartzeko aukera duten, Iruñeko 5. Instrukzioko Epaitegiko epaileak itxitzat jo du ETB1eko Euskalduna naiz, eta zu? saioaren auzia. UPN alderdiak salaketa bat jarri zuen, eta Espainiako Poliziaren SUP sindikatuak beste bat, euskarazko saioak «Espainiarekiko gorrotoa» sustatzen zuelakoan. Baina epaileak autoan argi adierazi du ez dagoela halakorik. Epaileak dio saioaren edukiak ez duela gorrotoa, bazterketa edo indarkeria sustatzen. Haren arabera, saioak «esaldi desegoki batzuk» izan ditzake, baina, programaren «testuingurua osorik» hartuta, ez dago Espainia iraintzeko deliturik. Era berean, UPNk eta SUP sindikatuak salatu zuten Espainiako banderaren eta ereserkiaren aurkako irainen delitua egon zitekeela saioan elkarrizketatu batzuek esaten zituzten esaldietan, baina epaileak erabaki du ez dagoela halako deliturik. Banderari lotutako esaldi batek koloreen konbinazioari egiten zion erreferentzia, baina epaileak ez du hor ezer iraingarritzat ikusi.
Epaitegietan ez dago saioaren aurkako salaketa gehiago erabakitzeko. EITBk, behintzat, ez du diligentzia gehiagoren berri. EITBko zuzendaritzaren iritzia jasotzen saiatu da BERRIA, baina ez du erantzunik jaso.
Epaitegietako auzia amaitu den arren, oroitu behar da ETB1eko saioaren bueltan sortu zen zalapartak parte hartzaile bati baino gehiagori egin ziela kalte. Otsailaren 8an eman zuen kateak Espainiari buruzko atala. Aurrekoetan bezala, gai baten inguruan tonu umoretsuan galdetzen zieten pertsonaia ezagun batzuei. Umorez jokatzen zuten erantzunak tartekatzean. Martxoko lehen astean, atal horren zenbait zatirekin osatutako bideo editatu bat zabaldu zen Interneten, eta edukiaren kontrako ahotsak ugaritu egin ziren. ETBk atala Internetetik kendu behar izan zuen —PSE-EEk eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu eta gero—. Jaurlaritzak EITBri eskatu zion ez emititzeko berriro saio «iraingarririk», eta Iñigo Urkullu lehendakariak bere egin zuen «herritar askok senti zezaketen ofentsa sentimendua». Egun haietan, UPNren eta SUP sindikatuaren salaketez aparte, Ciudadanos alderdiak ere iragarri zuen auzitara joko zuela.
EITBk, berriz, adierazi zuen kontrol neurriak hartzeko ordua zela, «eduki iraingarriak berriro ematea saihesteko».
Saioan agertu ziren euskaldun batzuen aurkako erasoaldiak izan ziren hedabideetan eta Interneten. Miren Gaztañaga aktorearen aurkako mezu ugari izan ziren sare sozialetan, hark parte hartzen zuen El guardián invisible-ren aurkako boikota eskatuz. Filmaren ekoizpen etxeak, zuzendariak eta Dolores Redondok espainiarren aurkako «errespetu faltak» arbuiatu zituzten, eta aktorea pelikulan «oso-oso gutxi» ateratzen zela adierazi zuten. Gaztañagak uztailean honako hau esan zuen: «Saio batean agertzen zara, kate batean, eta, egoera zailtzen denean, zuk bakarrik defendatu behar duzu zeure burua».
'Euskalduna naiz, eta zu?' saioan ez du gorroto deliturik ikusi epaileak
UPNk eta Espainiako Poliziaren SUP sindikatuak jarritako salaketak artxibatu egin dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu