Euskal Saileko websail onena: 'El último mono'

Seriesland jaialdian eman diote saria, Bilboko Guggenheim museoan. Nazioarteko zenbait zinema lehiaketatan emango dute websaila

'El último mono' websaileko egileak, saria jasotzen, atzo. IRMA CERRO.
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun

Bilboko Seriesland lehiaketan lehen aldiz parte hartu zutenean, jaialdia gauzatzeko lan boluntarioak egiten hasi ziren Lander Mugika eta Unai Madariaga El último mono websaileko zuzendariak. Ikus-entzunezko edukiak eta askotariko sortzaileen lanak publikotik miresten aritu dira urte luzez, aurten lehiakide izateko erabakia hartu duten arte. Eta aprobetxatu dute hautua: Euskal Sailean lan onenaren saria eman diete. Ostiralean jaso zuten saria, Bilboko Guggenheim museoan antolatu zuten sari banaketan.

Beste bost websailekin lehiatu da El último mono Sail Onenaren Saria lortzeko. Beita; Belarri bero, bai esan?; Explorando el norte; Tanit, ilargikar erregina eta Oskola lanekin, hain zuzen ere. Laboral Kutxa bankuak babestu ditu Euskal Saileko sariak, eta, pieza sinbolikoa entregatzeaz gain, Die Seriale Alemaniako websailen jaialdian haien sorkuntza aurkezteko aukera eman die Mugikari eta Madariagari. Era berean, Torontoko (Kanada), Erromako, Hollywoodeko (AEB) eta Minnesottako (AEB) zinema jaialdietan aurkeztuko dute.

Indie generoan inspiratutako Amets saria irabazteko ere proposatu zuten El último mono websaila, baina, azkenean, ez du kategoria horretan inolako aitorpenik jaso. Ordea, Retro Frantziako ekoizpenari eskaini diote saria. 1992an Parisera joan eta arrakasta artistikoaren bila dabiltzan bi lagunen abentura kontatzen du sail horrek.

Rose of Dolls jaialdiaren sortzaile eta zuzendariak zehaztu du «igerileku» izan nahi dutela eurek. «Euskal Herriko eduki sortzaileak gugan murgildu daitezen». Harago ere heldu nahi dute: «Streaming plataformetan tokirik ez dutenen tranpolina izan nahi dugu, nazioartera salto egin dezaten».

Izan ere, El último mono ez da Euskal Herritik kanpo emango duten Serieslandeko websail bakarra. Explorando el norte dokumentalean egindako lanagatik, Aurkezle Onenaren Saria eman diote Alex Urdiales sortzaileari. Horrekin batera, Torontoko eta Miamiko (AEB) ikus-entzunezkoen jaialdietan aurkeztu ahal izango du bere obra. Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko iparraldeko paisaiak aurkezten ditu bere dokumentalak, eta naturaren zaintzaren eta edertasunaren garrantzia erakutsi nahi dio ikusleari.

Euskaraz aritzen diren Gasteizko musikariak elkarrizketatu ditu Urko Saenz de Buruagak, eta dokumental itxura eman die grabaketa horiei. Ez du aitorpen ofizialik jaso Seriesland jaialdian, baina bere lana Hollywoodeko zinema festibalera eramateko aukera eman diote. Oskola du izenburu.

Euskal Sailetik at, bestelako sariak ere banatu ditu epaimahaiak aurten ere. Decolonizing History 2 eta Missing saioek, adibidez, Dokumental Onenaren Saria jaso dute. Magical Caresses-ek, berriz, Entretenimenduzko Programarik Onenaren Saria jaso du. Epaimahaiaren hitzetan, berriz, No One Around lana izan da Sail Ofizialeko sormen lanik onena.

Websailez gain, hainbat podcasten lana ere aitortu du Serieslandeko epaimahaiak. Lethal Lit: A Tig Torres Mysteri saioko bigarren denboraldia izendatu dute Fikziozko Podcast Onena, eta National Enchugraphic programak jaso du Ez-fikziozko Podcast Onenaren Saria.

Aurtengo sariak banatuta, hurrengo urtean berriz ere jaialdia antolatzeko asmoa adierazi dute jaialdiaren arduradunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.