Euskal musikazaleen topalekua da mundu digitalean Badok ataria —BERRIArena da—, eta aisialdirako lagun gehiago bildu ahalko ditu aurrerantzean. Izan ere, Kantok jolasa sortu du Badok-ek, euskal musikaren ezagutza eta erabilera sustatzeko asmoz. Gaur jarri dute abian jolasa. Euskal musikara hurbiltzeko beste modu bat izango da, gamifikazioaren bidetik. Egunero kantu bat asmatzea da jolasaren muina. Kantuaren pasarte labur batzuk entzunda, erabiltzaileak kantua zein den asmatu behar du, eta, horretarako, bilatzaile baten laguntza izango du.
Erabiltzaileak sei saialdi ditu kantua asmatzeko. Saialdi bakoitzean bost segundoko pasarte bat entzun ahal izango du —guztira 30 segundo—. Sei aukera daude kantuaren izenburua asmatzeko. Egunero kantu ezberdin bat asmatu behar da, Badok-en datu basean entzungai dauden 32.000 abestietako bat. Batzuk ezagunak izango dira, baina beste batzuk ez. Entzulearen belarrien zorroztasuna neurtzeko modu bat izateaz gain, kantu berriak ezagutzeko aukera bat izango da. Asmatu edo ez, jolasaren amaieran kantua zein den jakingo du erabiltzaileak, eta osorik entzun ahalko du.
Ikusi gehiago:Kantok jolasa
Azkenaldian, oso ezagunak dira hitzekin osatutako jolas interaktibo ezberdinak. Musikarekin osatutakoak ez dira hain ezagunak, baina egon badaude.
Berria Taldeko euskarrietan joko gehiagotara jolas daiteke. Esate baterako, iazko apiriletik BERRIAren webgunean dago erabilgarri Berbaxerka jokoa. Egunero zazpi hizki izaten ditu, egunero desberdinak, eta jokalariak hizki horiekin osatu behar ditu ahal dituen hitz guztiak.