Gatza eta piperra mikrofono aurrean jartzea funtsezkoa da entzuleak erakartzeko, eta Iparraldeko Euskal Irratiek Piper eta gatz izeneko magazina jarri dute martxan. Astelehenean estreinatu zuten programa, eta hemendik aurrera astelehenetik ostiralera emango dute, 12:00etatik 13:00etara. Ximun Uthurralde esataria da emankizunaren gidaria. Besteak beste, ekonomiaz, osasunaz, historiaz eta kontu zaharrez ariko da. Iparraldeko Euskal Irratiak federazioko emisora guztietan entzun ahalko da: Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta Antxeta Irratia.
Euskal Irratien beste irratsaio berria Marie Agnes Gorostiagak aurkeztuko du, larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara —aste honetan estreinatuko dute—. Asteburuko kultur ekitaldiek pisu nabarmena izango dute programan, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan antolatzen diren ekitaldi garrantzitsuenen berri emango du esatariak.
Informazioaren alorrean, 06:30etik 09:00etara, Pantxika Arranbidek emango ditu berriak, eta 11:00etatik 13:00etara artekoak, Iulen Giressek. Goiz Berri saioa, 07:00etatik 09:00etara, Battitt Crouspeyrek eta Kristof Arotzenak aurkeztuko dute denboraldi honetan. Maia Muruagak Kulturalea saioa zuzentzen jarraituko du, 11:00etan; eta musikari eskainitako Kantuz kantu saioari eutsiko dio larunbatetan, 16:00etan. Igande goizak Pantzo Hirigaraik aurkeztuko ditu.
Astelehenetan arratsaldez Mintzaleku eztabaida saioa entzun ahalko da, Jojo Bidarten eskutik. Ostiraletan, berriz, laborantzari buruzko emankizuna aurkeztuko du Maite Lephaillek. 21:00etan, laguntzaileen emankizunak emango dituzte: musika arlokoak, ekologiari buruzkoak eta diasporaren inguruak —8 Herrialdeak Zuzenean—. Bertsoak eta errugbia ere ez dira faltako.
Euskal Irratiek 'Piper eta gatz' saioa emango dute egunero, eguerdian
Marie Agnes Gorostiagak irratsaio berri bat aurkeztuko du larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu