Iparraldeko Euskal Irratietan denboraldi berria abiatu dute aste honetan, hainbat berrikuntzarekin. Aurten, aktualitatearen inguruko Goiz Berri emankizuna berrikuntzekin heldu da: iaz, 06:30etik 08:15era arte baitzen saioa, eta aurten 06:30etik 09:00etara izanen baita (Gure Irratian, Antxeta Irratian, Irulegiko Irratian eta Xiberoko Botzan entzun daiteke, uhin bidez eta Interneten).
Edukiari begira, iaz bezala, aktualitateko erreportajeek, hurbileko irratietatik (Gure Irratia, Antxeta Irratia, Irulegiko eta Amikuzeko irratia, eta Xiberoko Botzatik landuak) ekarritako gaiek, eguneko gonbidatuak eta kronikek osatuko dute magazina. Irratiko ordezkariek azpimarratu dute laguntzaile edo kolaboratzaileei esker ere osatzen dutela saioa. Aurten, esaterako, zortzi bertsolarik Bertsu iritzi zutabea eskainiko dute astean behin. Bertsolaria hauek ariko dira zeregin horretan: Ramuntxo Christy, Haira Aizpurua, Patxi Iriart, Ekhiñe Zapiain, Amets Arzallus, Nahia Etxeberri Lopepe, Mizel Mateo eta Oier Urreizti.
Bestalde, Peio Exeberri Aintxartek eta Peio Etxeberrik Euskal Herriko historiari buruzko kronika bat eskainiko dute astean behin. Itxaro Bordak, Jokin Irungaraik, Katixa Dolharek eta Julen Axiarik, berriz, kultura ardatz beren gogoetak partekatuko dituzte, txandaka, astean behin. Ostiraletan, solasaldi askotarikoak proposatuko dituzte: hilean behin, gai bat sakonduko dute Txomin Poveda soziologoak eta Pauline Guelle politologoak elkarrekin; bestalde, kazetariekin aktualitatea jorratuko dute, Ekhi Erremundegi, Allande Boutin eta Maite Ubiriarekin; eta hiru politikari ukanen dituzte hilean behingo solas tartean.
Denboraldi berri honetan, Goiz Berri-n bi aurkezle izanen dira: 06:30etik 08:00etara, Marie Agnes Gorostiaga; eta 08:00etatik 09:00etara, Panpi Merkapide. Kirol aktualitatearen berri ematen ariko da Kristof Arotzarena, astelehenero eta ostiralero.
Musika saio berri bat
Bestela, programazio orokorrean, On daiziela eguerdiko magazinak segituko du, Artzen Letona aurkezlearekin. Arratsetan, 19:00etatik goiti, emankizun tematikoak izanen dira. Bertsolaritzari eskaini Punttuka saioak jarraituko du ostegun arratsero, bai eta ingurumenaz den Bizirik saioak ere, hilean behin.
Gaueko bederatzietan, musikari buruzko emankizunak izanen dira Euskal Irratietan. Saio berrien artean, aurten Aitor Perez musikariak Ez gaude konforme irratsaioa eskainiko du, ostegunetan, 21:00etan. Punk rock, hardcore, trash edo post punk estiloko musika emankizun bat izanen da, astero talde gonbidatu batekin; zuzenean arituko dira.
Asteburuetan, errugbi eta pilotako partidak zuzenean eskainiko dituzte Iparraldeko euskarazko irratietan.