Euskal Irratiek —Gure Irratia, Antxeta Irratia, Irulegiko eta Amikuzeko Irratia eta Xiberoko Botza— eta Bidarraiko (Nafarroa Beherea) Kanaldude telebistak bat egin dute Pentsaketan izeneko egitasmoa sortzeko. Bideopodcast gisa har daiteke saioa, eta bertan aktualitateko gaien inguruan eztabaidatuko dute hilean behin. Astelehenean 20:00etan emango dute osorik aurreneko saioa Kanalduden eta Euskal Irratietan —atzo goizean laburpen bat eman zuten euskarazko irrati horietan—.
Lehen emankizunean, bi ikerlari jarri dituzte solasean, «molde lasai batean»: Pauline Gulle politologoa eta Txomin Poveda soziologoa. Gidari lanak Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako kazetariak egin ditu. Mintzagaia honako hau izan dute: «Ipar Euskal Herrira urtero kanpotik etortzen diren 3.000 pertsonen inklusioa».
Alkateak parez pare
Euskal Irratietan, bestalde, Buruz buru izeneko solasaldi tartea abiarazi dute azaroaren 8an. Bertan, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko bi alkate parez pare jarriko dituzte; lehen emankizunean, Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza eta Aizpea Otaegi Errenteriako (Gipuzkoa) alkatea arituko dira solasean. Bigarren atalean, berriz, Urruñako (Lapurdi) eta Lesakako (Nafarroa) alkateak elkartuko dituzte; hirugarrenean, Ziburuko (Lapurdi) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) alkateak.
Euskal Irratiak garai zailean bizi dira gaur egun. Izan ere, Frantziako Gobernuak irrati libreen funtsean murrizketak egin nahi ditu, eta atzo Ipar Euskal Herriko elkarte irratiek agerraldia egin zuten egoera salatzeko.