Gaur hasi da Bilboko Seriesland nazioarteko jaialdia, eta bihar Euskal Herriko websailak proiektatuko dituzte, Bilborock aretoan, 18:00etatik aurrera. Basque Section edo Euskal Saila deitzen duten kategorian hautatu dituzten lanak ikusi ahalko dira, baina arratsaldeko ekitaldia ez da horretara mugatuko: euskal sailei eta sorkuntzako euskal ekosistemari eskainitakoa izango da, zigilu gazteko euskal sailen hainbat estreinaldirekin, eta EiTBren parte hartzea izango duen mahai inguru batekin. Hain zuzen ere, mahai inguru horretan parte hartuko dute Gorka Garcia Peral ETBko Arte eta Programazio zuzendariak eta Vanesa Fernandez Guerra EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak. Bertan, EiTBk Primeran eta Makusi plataformetarako talentu eta eduki berritzaileak zelan bilatzen dituen kontatuko dute. Gainera, zinemazaleek eta zinema ikasleek 72 ordu baino gutxiagoan egindako websailen trailerren Xpress lehiaketako sariak banatuko dituzte.
Aurten, Euskal Herriko sei euskal ekoizpen lehiatuko dira euskal websailik onenaren Laboral Kutxa saria jasotzeko. Saridunek eta toki bat izango dute Alemaniako Die Seriale jaialdiko Sail Ofizialean, eta bidaia ordaindua. Izan ere, Bilboko Seriesland jaialdiak urte asko daramatza nazioarteko jaialdiekin harremanak garatzen, Bilboko jaialdia euskal proiektuentzat tranpolina izan dadin nazioarteko zirkuiturako.
'Power Up' nazioartean saritua
Honako hauek dira Euskal Sailean lehiatuko diren lanak: animaziozko Chuminadas animadas websaila, Wild China, Exploring the North eta Ardi beltzak dokumentalak, Black Harbour proiektu berritzaile eta interaktiboa, eta Makusi plataformako Power Up. Seriesland jaialdian bigarren denboraldia aurkeztuko du Power Up websailak, eta berriki sari garrantzitsu bat jaso du: gazte sailik onenaren saria eman diote 2024ko Produ sarietan. Sari horietan, eduki iberoamerikar onenak eta horiek egiteko lan egin duten kamera atzeko eta aurreko profesionalak aintzatesten dituzte.
A Film To Kill For Bizkaiko ekoiztetxeko Rose of Dollsek eta Oliver Mendek sortu dute Power Up EITBren Makusi plataformentzat, eta sari horietan HBO, Disney eta Amazon plataformen sailekin lehiatu da. Ardi beltzak ere euskarazko lana da, Xabin Fernandezek Primeran plataformarentzat sortua eta zuzendua. Aitor Molina eta Pablo Rio dira Chuminadas animadas-en sortzaileak; Wild China Alex Urdialesen dokumental bat da, eta berak egin du Exploring the North ere. Black Harbour-en sortzailea, berriz, Oliver Mend da.
Euskal Sailaren gaurko proiekzioan, bestalde, egileei eta protagonistei egindako elkarrizketa laburrak egingo dituzte. Saioa osatzeko, talentu berriarekin konektatzeko mahai inguru bat egingo dute.
Ostiralean, Basqueguna izeneko jardunaldi berezia egingo dute Getxoko (Bizkaia) Biscay eraikinean. Ekitaldi horren helburua izango da aurrerapen teknologikoek ikus-entzunezkoen eta sorkuntzaren industriari eskaintzen dizkioten aukerak aztertzea. Larunbatean amaituko da jaialdia, Guggenheim museoan, sariak banatzeko ekitaldiarekin; 30 sari banatuko dituzte, sei kategoriatan banatuta, eta lehen aldiz emango dute pilotu onenaren saria.