Euskal Herria Batera-ren kultur ekitaldia emango du EITBk Internet bidez

Donostiako Kursaalean izango da ikuskizuna, etzi, 19:00etan. Ekitaldia amaitu ostean, EITB Nahieran zerbitzuan ere ikusi ahalko da.

Aberri Egun bateratuaren kartelaren aurkezpena, martxoaren 24an, Donostian. GOTZON ARANBURU
Aberri Egun bateratuaren kartelaren aurkezpena, martxoaren 24an, Donostian. GOTZON ARANBURU
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 9a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko eremu bat landu du azkeneko urteetan Euskal Herria Batera ekimenak, eta ostiral honetarako kultur ikuskizun bat antolatu dute Donostiako Kursaalean. Bertara joan ezin dutenek ikuskizuna EITBren webgunean eta EITBren Youtubeko kanalean ikusi ahalko dute zuzenean, etzi, 19:00etan hasita. Gainera, ekitaldia amaitu ostean, EITB taldeak bere Nahieran zerbitzuan jarriko du, herritarrek noiznahi eta nonahi ikusi ahal izateko.

Manex Fuchsek, Lorea Agirrek eta Martxel Rodriguzek prestatutako ideia eszenikoa taularatuko dute Kursaaleko auditoriumean —Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako sortzaileak batu dira ikuskizuna sortzeko—. Antolatzaileek honako hau aurreratu zuten duela egun batzuk: «Euskara leku bat balitz bezala diseinatzen du ekitaldiak, eta dantza, hitza eta kantua txirikordatuko ditu». Ardatzean dago Aberri Eguna ospatzea, «euskal nazioa badela adierazteko».

Ekitaldia Sabino Arana Fundazioak, Olaso Dorrea Fundazioak eta Agirre Lehendakaria Centerrek babestu dute.

Gainera, Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko deia egiten duen kartela lamina gisa banatuko dute BERRIAk, Gara-k eta Noticias taldeko egunkariek. Igande honetan izango da hori.

Xabier Euzkitzek, Ekhiñe Atorrasagastik eta Joseba Larratxek —azken horrek egin du kartela— aurkeztu zuten Euskal Herria Batera-ren kultur ikuskizuna, martxoaren 24an. Esan zuten hainbat arrazoirengatik sustatu dutela ekitaldi bateratua: batetik, euskararen defentsa batera egin beharra defendatu dute. Bigarrenik, askotariko eragileek batera aritu behar dutelakoan daude, eta hor barnean sartu dituzte herri eraikuntzan, erakundeetan eta herrigintzan ari diren eragileak. Lurraldeen arteko jarduera komunak sustatu beharra ere azpimarratu zuten, «herri gisa etorkizuneko erronkei berme osoz aurre egin ahal izateko».

Euskal diasporari ere egin diote deia. Apirilaren 20an, Aberri Egunean, euskal ikurrak erakustera animatu dituzte diasporako ordezkariek.

Maren, larunbatean

EITB taldearen Primeran plataformak beste kultur emanaldi bat ere emango du zuzenean aste honetan. Larunbatean, Maren kantariak Bilboko BBK aretoan emango duen kontzertua emitituko du Primeran-ek, 20:30ean. Abeslari bilbotarrak rock ukituak eta egungo soinuak nahasten ditu zuzenekoan, eta Qué Lástima diskoko abestiak eramango ditu oholtzara, beste doinu batzuekin batera. Kontzertua ondotik ere ikusi ahalko da Primeran-en, edozein momentutan.

Primeran plataforman ikusgai daude urtearen hasieran izan diren hiru kontzertu esanguratsu: Zetak taldeak Nafarroa Arenan eman zuen Mitoaroa ikuskizuna, En Tol Sarmiento taldeak Barakaldoko (Bizkaia ) BECen eman zituen hiru kontzertuetatik azkena, eta Chill Mafiak BECeko Cubec aretoan eman zuen Agur eta ohore kontzertua. Gehiago ere iritsiko dira datozen hilabeteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.