Oihan Sancet Athleticeko jokalaria kezkatuta, lehen partidetan bi txartel gorri atera dizkiotelako; Robin Le Normand Realeko jokalaria, maskara batekin, Athleticen aurka sartutako gola ospatzen; Realeko zaleak bizkarra emanda, gola ospatzen, eta tartean zale zuri-gorri bat irribarrez. Halako uneak bizi izan ziren azken denboraldian Espainiako Ligan. Realaren eta Athleticen ingurukoak LaLiga: Más allá del gol dokumental saioko El Rey del Norte atalean ikus daitezke. Beste atal batzuetan azalduko dira Alavesen eta Osasunaren gorabeherak ere. Eta mundu osoan ikusiko dira. Netflix plataformak 192 herrialdetan estreinatuko du, hilaren 15ean, zortzi ataleko dokumental saioa. Lehen aldia da plataformak futbol liga baten gaineko dokumental saio bat egiten duena.
Morena Films ekoiztetxeak egin du dokumental saioa Netflixentzat. Ekoizle eragileak Alex Martinez Roig eta Juan Gordon dira. Ekainaren 26an, Realaren eta Athleticen inguruko atala proiektatu zuten Donostiako Anoeta estadioan. Han izan zen Martinez Roig, eta kontatu zuen 920 ordu inguru grabatu dituztela 45 minutuko zortzi atalak egiteko. «Saioan hamabi futbol talde ageri dira, eta hamalau probintzia. Erritmo bizia dute dokumentalaren atalek». 150 profesionalek parte hartu dute ekoizpenean.
Alvaro Diaz Es painiako Netflixeko ez-fikziozko edukien zuzendariak, bestalde, nabarmendu zuen 270 milioi ikusleren publiko potentziala dutela. «Istorio onenak kontatu nahi ditugu, mundua entretenitzeko. Istorioek munduko ikusle guztiekin konektatu dezaten, benetakoak izan behar dute. Eta oso pozik gaude Morena ekoiztetxekoek egin duten lanarekin».
Errezoak eta buruko osasuna
Martinez Roigek iragarri zuenez, aktualitateko gaiak landu dituzte dokumental saioan: «Datuen futbola eta futbol klasikoaren arteko talka; maitatua sentitzea, Alvaro Morata futbolariaren bitartez; Xavi Hernandez Bartzelonako entrenatzailearen joan-etorriak; Girona taldearen arrakasta eta Miguel Angel Sanchez Muñoz Michel entrenatzailearen borroka...». Atal batean, berriz, buruko osasunean jarri dute arreta: Ferran Torres futbolariak bere psikologoarekin duen saio bat grabatu zuten. «Istorio hori asko gustatzen zait. Halakoek futbolariak humanizatzen dituzte. Gizartean erreferente garrantzitsuak behar dira, eta futbolariak hor daude». Ekoizleak, halaber, komunitateen gaia nabarmendu du, eta Osasunaren zaleak aipatu ditu arlo horretan.
Telebistan orokorrean ikusten ez diren irudiak ageri dira dokumentalean. Iker Muniain Athleticeko jokalaria bere etxean ageri da, familiarekin. Eta Munian bera taldekideekin azaltzen da, errezatzen —gaztelaniaz—, futbol partida baten aurretik.
El Rey del Norte atalean, Realaren eta Athleticen filosofia zein den ageri da. Kontatzen da, hartaz, «euskaraz hitz egiten den herrialdeetan formatutako jokalariek» joka dezaketela Athleticen. Realak, bestalde, kanpoko jokalariak nola hartzen dituen kontatzen da: Take Kubo jokalari japoniarraren iritziak azaltzen dira, esaterako. Hirugarren atal horretan, lehen irudiak herri kiroletakoak dira, bi euskal talde horien herria irudikatuz. Euskarazko hitzik ez da entzuten, ordea.
Netflixeko ordezkari Diazek nabarmendu duenez, «futbolzaleengandik harago» jotzen dute dokumental saioaren giza istorioek. «Emozio asko transmititzen dira, eta ikuslea identifikatu egingo da haiekin». Martinez Roigen arabera, bestalde, Espainiako Liga «oso aberatsa» da: «Orain dauden estadioak sekulakoak dira. Zaleen artean, haur eta gazte ugari daude. Eta estadioetan ikusten diren koloreak ederrak dira oso».
Xabi Prieto Realeko jokalari ohiak enbaxadore lanak egiten ditu, eta Anoeta estadioko aurkezpenean parte hartu zuen. «Garai batean aldagelak sekretuak ziren, baina hori aldatzen ari da pixkanaka. Mugak hautsi behar dira. Dokumental saioan gauza politak ikusten dira».
Ez dago baieztapen ofizialik, baina Netflixeko eta Morena Filmseko ordezkariek buruan dute Espainiako Ligaren dokumental saioaren bigarren denboraldia. 2024-2025eko denboraldia abuztuaren 18an hasiko da, eta Netflixen eta Morenaren kamerak estadioetatik gertu ibiliko direla espero da.