Euskal Encondings marrazki bizidunak Youtuben jartzen ari da

Dagoeneko 718 bideo jarri dituzte Youtubeko kanal berrian. Gehienak ETBn emandakoak dira

Txirrita marrazki bizidunen saioko atalak Euskal Encondingsen Youtubeko kanalean ikus daitezke. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun

Gazteek Interneten eduki gehiago euskaraz ikusteko aukera izan dezaten, Euskal Encodings egitasmoak kanal bat sortu du Youtuben. «Plataformak berak baimentzen digun erritmoan hasi gara bertan edukiak jartzen, gehienez hamabost bideo egunean», azaldu dute egitasmoaren ordezkariek. Aitortu dute copyright politika dela-eta ezin izango dituztela nahiko lituzketen eduki guztiak argitaratu, baina «apurka-apurka» ekinean jarraituko dutela iragarri dute.

 

Kontuan hartu behar da www.euskal-encodings.eus webgunean aspalditik jartzen dituztela euskarazko edukiak, saretik deskargatzeko moduan. Horietako askok, ordea, talka egiten dute eskubideekin.

Edonola ere, azkeneko egunetan makina bat marrazki bizidun jarri dituzte Youtuben. Ikusgai daude, esate baterako, Txirrita-ren 51 atalak eta Lazkao txiki-ren 104 atalak. Bi bertsolariei eskainitako marrazki bizidunek harrera beroa izan zuten bere garaian ETB1en; ETB3 katean eman izan dituzte gero, eta Youtuben ikus daitezke orain.

Euskal Encodingsen kanalera igo dituzte, halaber, marrazki bizidun hauek: Autobus magikoa, Abeltxoroak, Pinguinoak, Adi espazioan, Vicky bikingoa, Adi itsaspean, Alex eta Alexis, Amaigabeko istorioa, Atomic Betty, Isidoro, Heidi, Marco, Txef txikia, Gadget inspektorea eta Galactic football. Baita Asterixen hiru film ere, hirurak animaziozkoak.

Oraingoz, oso gutxi dira hezur-haragizko pertsonaiekin grabatutako fikzioak: Sheena-ren atal bat, Beakmanen mundua-ren beste bat, eta Parker Lewis-en atal bakar bat. Ikusteko dago hurrengo asteetan zer eduki gehiago jarri ahalko dituzten.

Youtubeko kanalera harpidetza egiteko aukera dago —doakoa da—; oraingoz, 188 erabiltzaile harpidetu dira kanalera. Sareratu dituzten bideoak, berriz, 718 dira. Saio desberdinekin zerrendak osatzen ari dira.

Behar bati erantzunez

Euskal Encodings egitasmoa osatzen duten euskaltzaleen arabera, zenbait ikerketak azaleratu dute gero eta ikus-entzunezko gutxiago kontsumitzen direla euskaraz. EHUko ikerlari batzuen txosten baten datuei egin diete erreferentzia: 2020ko abenduko ikerketa baten arabera, gazteei galdetu zaienean ea zein hizkuntzatan ikusi duten azkeneko fikzioa, soilik haietako %2,3k erantzun dute euskarazko edukia izan dela. Eta azken edukia azpidatziekin ikusi dutenen artean, soilik %1,3k kontsumitu dute euskaraz. Iazko beste ikerketa batek ondorioztatu du gazteek sarri «Youtubek berak proposatutako edukiak» ikusten dituztela. Testuinguru hori guztia aintzat hartuta ekin dio Euskal Encodingsek euskarazko edukiak Youtuben jartzeari. «Logikak dio zenbat eta eduki gehiago egon euskaraz, orduan eta proposamen gehiago egingo dituela euskaraz Youtubek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.