Euskal ekoizpenetan jarriko du arreta 'Zurriolako Butaka' saioak

Zinemalditik zuzenean arituko dira egunero Hamaika, BERRIA eta 'Irutxuloko Hitza', elkarlanean

Besteak beste, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Loreak filmaren zuzendariak, elkarrizketatuko dituzte Donostiako zinema jaialdiaren inguruko saioan. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2014ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiaren inguruko saio berezia egingo dute Hamaika telebistak, BERRIAk eta Irutxuloko Hitza-k datorren ostiraletik irailaren 28ra arte. Zurriolako Butaka saioa zuzenean emango dute, egunero, 11:00etatik aurrera, telebistan zein hamaika.eus, berria.eus eta irutxulo.hitza.info guneetan. Aurten, arreta berezia jarriko dute Euskal Herriko zineman, eta gertutik erreparatuko diete euskal filmen estreinaldiei. Aktore, zuzendari eta gidoilariak elkarrizketatuko dituzte, hedabideetako hainbat adituren kritikak zabalduko dituzte, eta erreportaje zein analisien berri emango dute.

Esaterako, lehen saioan, Josean Bengoetxea aktorea izango dute gonbidatu. Zinemaldiko lau filmetan egin du lan aktore donostiarrak: Loreak; Lasa eta Zabala; Los tontos y los estúpidos; eta Negociador. Horrez gain, Beñat Beitia zuzendaria hartuko dute. Dixie eta matxinada zonbia animazio filma zuzendu du. Igandean estreinatuko dute Donostiako Belodromoan.

Saioa osatzeko, Denzel Washingtoni buruzko erreportaje bat erakutsiko dute; Donostia Saria emango diote aurten. Beste erreportaje bat ere zabalduko dute, Dorothy Arzner zuzendariari Zinemaldiak eskainiko dion atzera begirakoaren harira.

'Loreak', 'Lasa eta Zabala'

Loreak eta Lasa eta Zabala filmak mintzagai nagusietako bi izango dira saioan. Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendu dute Loreak, eta Zurriolako Butaka-n eseriko dituzte, elkarrizketatzeko. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da filma. 1989. urtetik ez zen euskarazko film bat Donostiako lehian. Ke arteko egunak izan zen azkena.

Lehiaketatik kanpo estreinatuko dute Lasa eta Zabala.

Estudioa, Kursaalean

Badira hiru urte saio berezia egiten dutela Zinemaldiaren harira. Zinemaldi@n izan zuen izena lehenengoan. Iaztik Zurriolako Butaka da. Butaka, aurten, Kursaal barruan egongo da, han jarriko baitute saioa egiteko estudioa. «Zein giro dagoen ikusteko aukera aparta emango digu horrek», dio Urtzi Urkizu saioaren zuzendariak. «Zinemaldiko prentsaurrekoak aldamenean egingo baitituzte, eta errazago ekarriko ditugu protagonistak geurera».

Inaxio Esnaolak aurkeztuko du saioa, eta, arlo teknikoan, Lara Madinabeitia, Leire Ferro, Beñat Garzia, Irati Sarasua, Ander Gartzia eta Lide Ferreira arituko dira. Hamar hedabidetako zinema adituak pasatuko dira estudiotik, tartean BERRIA, Argia eta Irutxuloko Hitza-koak.

Goizean zuzenean emateaz gain, saioa berriz emango du Hamaika telebistak gauero, 21:00etan eta 23:00etan. Twitterren #zurriolakobutaka traola erabiliko dute.

ETBk zuzenean emango ditu Zinemaldia hasteko eta amaitzeko ekitaldiak, eta luze eta zabal jorratuko dute gaia albistegi eta magazinetan.

Espainiako telebista publikoak ere leku berezia eskainiko dio jaialdiari. Días de Cine saioaren eskutik, Zinemaldiaren inguruko saio labur bat emango dute, egunero, La2 katearen prime time-an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.