Euskarazko uhinetan zazpi herrialdeetan entzungo den irratsaio berri bat ari dira prestatzen Alaia Martin eta Artzen Letona. Hilaren 11n estreinatuko dute Zubiak saioa, Euskadi Irratiak eta France Bleu Pays Basque irratiak elkarrekin ekoitziko duten programa. Jone Larrañaga Euskadi Irratiko programazio arduradunak iragarri duenez, «mugak zubi bihurtuko dituzte fisikoki eta metaforikoki, gai askori buruz hitz egiteko». Donostiako Euskadi Irratiko estudioetan Martin ariko da, eta France Bleuko Baionako egoitzan, Letona. «Hala ere, grabazio batzuk elkarrekin egingo dituzte bi esatariek. Gizarte gai ugari landuko dituzte. Denetarik izango da, saio estetiko bat egiteko asmoz», azaldu du Larrañagak. Akitania-Euskadi euroeskualdearen laguntzaz egingo dute saioa Euskadi Irratiak eta France Bleuk. Igandero emango dute bi irratietan, 15:00etatik 16:00etara.
Euskadi Irratian berrikuntza gehiago ere izango dira denboraldi honetan. Datorren astelehenean, Trebiñu II fikzioko saioa estreinatuko dute. «Fikzio espazial eta espeziala izango da, Koldo Almandozek idatzi eta zuzendua», azaldu du irratiko programazio arduradunak. Goizero emango dute saioa, atal laburretan, 07:55ean. Pertsonaia nagusien ahotsak Gorka Etxebestek, Mikel Fernandezek eta Lierni Ibargutxik jarriko dituzte.
Maite Artolak jarraituko du Faktoria albistegiaren arduradun eta gidari. Iritzi emaile berriak izango dituzte datorren astetik aurrera. Tartean izango da Bernardo Atxaga idazleak astero eskainiko duen mikroiritzia. Faktoria magazinaren gidari Manu Etxezortu izango da, iaz bezala.
'Graffiti', Urko Aristirekin
Radio Euskadik arratsaldean eta gauean egingo ditu aldaketa nabarmenenak. 17:00etatik 19:00etara, erabat berrituta iritsiko da Graffiti saioa, eta Urko Aristi kazetaria izango da gidaria—ETBn urte luzez aritutakoa—. Bazkalosteetan, Eli Legardak Vivir para ver saioa aurkeztuko du, bizitzaren eguneroko kontu txikiei begirada xaloa emanez.
Gauetako Ganbara albistegia eraberritu egingo dute. Xabier Garcia Ramsden azkeneko urteetako aurkezlea ETB2ko Teleberri albistegian ariko da hemendik aurrera —tarteka, irratsaioaren solasaldi atalean parte hartuko du—. Eta Ganbara-ren gidaritza Sonia Hernando esatariak hartuko du. 20:00etatik 23:00etara izango da programa denboraldi berrian. Fuera de juego kirol saioa, berriz, 23:15etik gauerdira aurkeztuko du Diego Aranbalzak. Gauerdietan Roge Blascoren La casa de la palabra iritsiko da. Hilaren 12an hasiko ditu aldaketa horiek guztiak Radio Euskadik.
Gazteak entretenimendua sendotzeko ahalegin berezia egingo du. Julen eta Antton Telleria izango dira Dida magazineko ahots berriak, eta Ainhoa Vitoria, Edurne Garmendia eta Jon Gotzon izango dituzte alboan. Joseina Etxeberria arratsaldeetan ariko da, Akabo! saioan. Egoitz Txurrukak Be positibe aurkeztuko du asteburuero, arratsaldeetan.
Euskadi Irratiak eta France Bleuk 'Zubiak' egingo dituzte elkarlanean
Askotariko gaiak landuko dituzte, Baionatik eta Donostiatik. Hilaren 11n estreinatuko dute saioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu