Ingelesa da nagusi Europako ikus-entzunezkoen eskaintzan. Nazioarteko streaming plataforma handietan edukiak kontsumitzeko ohitura asko handitu da azkeneko urteetan, eta hizkuntzetan ingelesa gailentzen da. Estatu horietako hizkuntza handietan ere ikusten dira filmak eta telesailak. Baina hizkuntza gutxituei tarte oso txikia uzten zaie: bost hizkuntza gutxitutan baino ez daude edukiak streaming plataformarik handienetan. Eduki kopuruen hurrenkerari dagokionez, edukiak katalanez, galegoz, euskaraz, galesez eta luxenburgeraz daude. Josu Amezaga EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko zuzendari eta NOR italdeko ikerlariak gaiaz hitz egin zuen joan den astean Europako Parlamentuan.
Language diversity and accessibility of streaming platforms in the EU (Hizkuntz dibertsitatea eta irisgarritasuna streaming plataformetan Europako Batasunean) txostena aurkeztu zuen Amezagak. Gaiarekin lehen hurbilketa bat egin duela azaldu zuen. «Europako Batasunak babestutako dozenaka hizkuntza gutxituetatik bostetan baino ez daude edukiak plataformetan. Sarbide hori, bestalde, oso urria eta desorekatua da».
Alde handiarekin, katalana nabarmentzen da hizkuntza horien artean: Amazon Prime Video, Netflix eta Disney Plus plataformetan ehunka lan daude ikusgai katalanezko audioarekin eta azpidatziekin. Txikiagoa da kopurua galegozko eta euskarazko edukietan. Txostenean jasoa dutenez, Amazon Prime Videon 650 lan daude euskarazko azpidatziekin, eta 138 euskarazko audioarekin; Netflixen, berriz, 129 lan euskarazko azpidatziekin, eta 36 euskarazko audioarekin. Audio deskripzioa 53 lanetan dago —Netflixen—. Disney Plusen kasua adierazgarria da: 677 lanek dute katalanezko audioa, eta euskaraz ez dago bakar bat ere.
Galesez lan bakarrak du hizkuntza horren audioa; aldiz, azpidatziak dituzte 219 lanek Amazon Prime Videon, eta 60k Disney Plusen. Luxenburgeraz hamazazpi lanek dituzte audioa eta azpidatziak hizkuntza horretan plataformetan.
«Ingelesa beti garaile»
Amezagak ondorioetan jaso duenez, audio deskribapena urria da hizkuntza guztietan, baina bereziki ingelesa ez den beste hizkuntzetan. Bestalde, plataforma batzuetan edukiak zenbat eta berriago izan, orduan eta hizkuntza gehiago agertzen dira. Netflixen kasua da. «Lanik berrienetan hizkuntza gehiago agertzen dira audio pistetan eta azpidatzietan». Dena den, hizkuntza handiak gailentzen direla azaldu du EHUko irakasleak. «Hizkuntza gutxituen eskuragarritasuna handitu egin da, baina benetan txikia da oraindik».
Edonola ere, ingelesa beti irabazten ateratzen dela ondorioztatu du Amezagak: «Aniztasun gero eta handiagoa izateak ez dio galgarik jartzen ingelesari. Beste hizkuntza batzuetako eskaintzak gora egiten duen heinean, ingeleseko eskaintzak ere gora egiten du. Gainerako hizkuntzen aldean duen abantaila bere horretan mantentzen da, horrenbestez».
Netflixen estreinaldien artean, badira euskarazko bikoizketa edo azpidatzia duten lan esanguratsuak. Hilaren 22an, adibidez, Avatar: The Last Airbender telesaila estreinatuko dute, eta euskarazko, katalanezko zein galegozko audioa eskuragarri izango dute harpidedunek.