Europan datuak modu seguruan trukatzeko gune bat sortu dute

Europako 43 erakundek partzuergo bat sortu dute. Kazetaritzan, ikus-entzunezkoetan eta iragarkietan baliatu ahalko dituzte datuak

Oscar Lazaro, Andoni Aldekoa eta Jesus de la Maza, atzo, Bilbon, TEMS egitasmoaren aurkezpenean. EITB.
urtzi urkizu
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Konfiantzazko datu eremu bat sortzeko, Europako hamabost herrialdetako 43 erakundek partzuergo bat sortu dute. TEMS Trusted European Media Data Space du izena, eta helburutzat ditu datuak modu seguruan trukatzea eta haien eraginkortasuna indartzea, berrikuntza suspertzea eta digitalizazio prozesuak bizkortzea. 43 erakunde horietako bat da EITB, eta talde publikoaren Bilboko egoitzan egin zuten atzo egitasmoaren aurkezpena. Datu gune hori baliatu ahal izango da ikus-entzunezkoetan, iragarkietan eta kazetaritzan.

Europako hainbat herrialdetako ehun ordezkari baino gehiago elkartu ziren atzo, jardunaldian. Oscar Lazaro Innovalia Association-eko zuzendariak nabarmendu zuen TEMS «aitzindiaria» dela hedabideen sektorean. «Partzuergoa garrantzitsua izango da komunikabideen sektorearentzat eta industria digitalarentzat. Ez da soilik enpresa hori sektore edo herri batean ezarriko, partekatua izango baita».

«Datuak konfiantzarenabiaduran mugitzen dira».Kontzeptu hori azpimarratu zuen Lazarok. Era berean, azaldu zuen Europan hedabide eta ikus-entzunezkoen ekintza plan bat badela. TEMSen datu eremuak zabalduko dituen aukerak aipatu zituen Lazarok: «Sortzaile, ekoizle eta banatzaileeen arteko elkarlana eraldatzeko tresna izango da». Jada Europan martxan diren bederatzi datu gune erabiliko dituzte egitasmoan.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak egin zituen ekitaldiko anfitrioi lanak: «Ohorea da proiektua Bilbon, EITBren egoitzan, egitea. Gure aurrealdean mezu batek zera dio: Audiovisual is digital (Ikus-entzunezkoa digitala da). Eta eraldatze horretan ari gara EITBn».

Albiste faltsuak

Lucille Verbaere Europako Irrati-Telebisten Batasuneko ordezkariak gogoratu zuen herritarrek egun denbora gehiago pasatzen dutela ingurune digitalean. «Gazteen kasuan, are gehiago». Haren iritziz, Trusted European Media Space egitasmoa garrantzitsua izango da herrialdeen arteko elkarlanerako. «Esaterako, albiste faltsuak antzemateko. Audientziak hobeto ezagutzeko ere garrantzitsua izango da». Verbaereren arabera, audientzien beharrak ezagutzeko, elkarlana eta adostasuna behar dira.

Delphine Ramond Agence France Presseko programa zuzendariak hedabideen sektorean azkeneko urteetan izan diren aldaketak testuinguruan jarri zituen: «Komunikabideek urteak daramatzate negozio giro zalantzagarria pairatzen, batez ere ekoizpenagatik. Inprimaketa industriak behera egin du, eta irakurle gehiagok jotzen dute Internetera. Inflazioak eragina izan du paperean eta antzeko materialetan. Negozio ereduan zailtasunak daude iparra aurkitzeko».

Ondotik, Ramondek azpimarratu zuen gaur egungo erronka nagusietako bat «desinformazioa» dela. «Sare sozialetan informazio okerrak kutsatu eta ugaritu egiten dira, eta adimen artifizialak anplifikatu ere egiten ditu». Horregatik, TEMS egitasmoa baliagarria izango dela iruditzen zaio. «Datuak partekatuz, albisteak egiaztatzeko aukera egongo da». Hain zuzen ere, datuen curriculumak konfiantzazko hedabideen espazioa ekar dezake «Krisi egoeran dauden hedabideentzat erantzunetako batizango da». Gainera, France Presse-ko ordezkariak uste du datuak partekatzeak lanerako ikuspegi hobea emango diela plataforma propiorik ez duten komunikabide independenteei.«Eta, horrela, negozio aukerak handitu». Ramonden arabera, konfiantzazko ingurune batean datuak partekatzeak sortzailearen kopia eskubideak hobeto babesten lagundu dezake. Diru sarrera berriak susta daitezke modu horretan.

Datuen babesak erabiltzaileengan konfiantza areagotzen lagundu dezakeela ere gaineratu zuen Ramondek. «Kontsumitzaileen beharretara hobeto egokitzen diren edukiak sortzeko aukera egongo da».

France Televisions talde publikoko estrategia zuzendari Veronique Demillyk aipatu zuen TEMS iritsi aurretik, datu batek «erabilpen bakarra» zuela. «Aurrerantzean, ikus-entzunezkoen sektorearentzat oso baliagarria izango da datu eremu partekatua izatea». Proiektuan parte hartu izanarekin «harro» da Demilly.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.