Europako prentsa elkarteek salatu dute Googlek murriztu egiten diela trafikoa

Alemaniako ActMeraki komunikazio taldeak kexa aurkeztu du Europako Batzordean. Googlek dio erabiltzaileen eskaerari erantzuteko aldatu dutela bilaketa sistema.

Googleren logoa, New Yorkeko egoitzan. EFE
Googleren logoa, New Yorkeko egoitzan. EFE
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 17a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako hainbat prentsa elkartek agiri bateratu bat zabaldu dute, salatzeko Google «sistematikoki» ari dela komunikabideen Interneteko trafikoa murrizten. Europako Batasunari eskatu diote «lehenbailehen» neurriak hartzeko. Hauek dira agiri horren sinatzaileak: ENPA Europako Egunkarien Editoreen Elkartea, EMMA Europako Aldizkarien Elkartea, EPC Europako Editoreen Kontseilua eta News Media Europa erakundea.

Elkarte horiek guztiek adierazi dutenez, proba argigarri batzuek garbi erakusten dute hedabideen weben irismena murrizten ari dela Google azkeneko hilabeteetan, «gardenak ez diren penalizazioen bidez eta berariazko politika bat aplikatuz».

Site Reputation Abuse (Gunearen gehiegikeria) izeneko spam politika abiarazi zuen duela hilabete batzuk Alphabet konpainiak (Google). «Eta hori egiten ari da noiz-eta Europako komunikabideen industriarako garai erabakigarri honetan», diote elkarteek. Google urtarrilean hasi zen politika berri hori aplikatzen. Bilaketa kalifikazioetan galera handiak eragin ditu horrek Alemaniako, Italiako, Poloniako, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako, Espainiako eta Frantziako komunikabideetan, baita kazetari independenteen artikuluetan ere.

Kezka handiz plazaratu dute elkarteek auzia. «Lege arloan adituak direnek ohartarazi dute litekeena dela Googleren erabakiek ikusezin bihurtzea kazetaritza independentea, eta modu horretan komunikabideen eta iritzi aniztasunaren askatasuna galaraztea. Eta nola hedabideak hala iritzi askatasuna funtsezkoak dira demokraziarako eta diskurtso demokratikorako».

Izan ere, Googlek prentsako edukiak ezabatzen baldin baditu, erabiltzaileei «eduki esanguratsuetara» iristeko aukera galaraziko zaiela salatu dute egunkarien eta aldizkarien elkarteek. «Hori guztia mehatxu zuzena da Europako kazetaritzaren finantza egonkortasunerako, eta gainera, demokrazia bera ahultzen du».

Auzia urte hasieratik dago mahai gainean. Albisteak ezabatzeko Googlek hartu zuen erabakia salatu zuten urtarrilean prentsa editoreek. Europako Batasunari kautelazko neurriak hartzeko eskatu zioten, eta orain ere eskaera bera egin dute.

ActMeraki taldearen salaketa

Komunikabide askok hartu dute kezkaz Googleren bide berria. Alemaniako ActMeraki taldeak —duela gutxira arte Meraki Group GmbH zuen izena— kexa formal bat aurkeztu du Europako Batzordean, Googleren politika berriaren aurkako neurriak har ditzan eskatzeko. Thomas Hoppner ActMeraki taldeko abokatuak uste du egoerak ezin duela orain bezala jarraitu: «Googlek nahi duen moduan ezartzen ditu joko arauak, bere eskaintza komertzialak lehenesten ditu, eta ikusgarritasuna kentzen die lehiakideei. Ordua da hori behingoz amaitzeko».

Googlek adierazi du spam politika berriak erabiltzaileen iruzkinei erantzuten diola. «Argi entzun dugu erabiltzaileek esaten zutena Parasite SEOren inguruan [bilaketa motorren estrategia], adierazi izan baitute erabiltzaileentzat bilaketa esperientzia txarra sortzen duela. Hortaz, gure politika berriak jokabide horri aurre egiten laguntzen du», esan du Googleko bozeramaile batek, Reuters agentziak jaso duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.