Elhuyarrek eta ETBk ekoizten duten Teknopolis saioak 25 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko, ekitaldi bat egin dute aste honetan Bilbon. Horrez gain, programa berezi bat emango dute asteburu honetan, Teknopolis-ekbegiak eta oinak espazioan jarri baititu urteurreneko saioa egiteko. ETB1ek gaur 13:30ean emango du atal berezi hori. Eta ETB2k bihar, 12:00etan.
Teknopolis aitzindaria izan da zientzia euskaraz telebistara eramaten, genero ikuspegia txertatzen eta dibertsitateak dakarren aberastasuna islatzen. Eta orain ere, 25. urteurrenean, aitzindaria da, Europako Espazio Agentzian izan baita, misio zientifikoak kontrolatzen diren gunean, Alemaniako Darmastadt hiriko ESOC zentroan.
Unibertsoaren esplorazioa da ESAren egiteko nagusia, etahainbat euskal zientzialarik lan egiten dute bertan. Teknopolis programak haien bizipenak jaso ditu 25. urteurreneko saio berezian.
Ignacio Tanco, hain zuzen, Rossetta misioa jaurtitzeko lanak egiteko iritsi zen ESAra. Rossetta ESAren misiorik arrakastatsuenetako bat izan da. Juice misioaren arduraduna da orain. Juice iazko apirilean jaurti zuten, eta Jupiterren ilargi izoztuak ikertzera doa, izotzaren azpian ura aurkitzeko esperantzarekin.
Libe Jauregik eta Ander Martinez de Albenizek misioen ibilbideak kalkulatzen dituzte; hau da, jaurtitako sateliteek nondik nora ibili behar duten erabakitzen dute, espazioaren handitasunean ez galtzeko eta daramaten erregaiari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Taldeko lanari esker, Juice bere helburura iritsi ahal izango da Lurretik 590 milioi kilometrora, gutxi gorabehera.
Mikel Cataniak, berriz, Eumetsat erakundean egiten du lan, Darmstadt (Alemania) hirian bertan. Meteorologiaz, klimaz eta ingumenaz arduratzen den Europako erakunde horretan, Cataniak Lurraren inguruan biraka dabiltzan sateliteak gidatzen ditu; besteak beste, Sentinel konstelaziokoak. Copernicus programako sateliteak dira, eta Lurra behatzea dute egiteko nagusia.
Puntako euskal zientzialari horien lana ezagutzeaz gain, etorkizunari nola begiratzen dioten ikusiko dute ikus-entzuleek asteburuko saioan.
Mende laurden bat ETBn
1999ko otsailean eman zuten lehen aldiz Teknopolis Euskal Telebistan. Eta, hasi, espazioaren esplorazioari eskainitako saio batekin hasi zen. Hain justu, 25 urteren ondoren espazioari begira jarraitzen du, espazioari begiratzea etorkizunari begiratzea baita.
25 urte hauetan askotariko gaiak landu dituzte programan. Saioari egokitu zaio azaltzea Internet zer den, GPSak nola funtzionatzen duen, klonazioa zer den, antibiotikoei erresistentzia dieten bakterioen arazoa edo lindanoa zer diren, minbiziaren tratamenduak nola hobetu diren, eta, nola ez, koronabirusaren pandemia zer den. Urte horietan guztietan auto elektrikoek sekulako garapena izan dute; sakelako telefonorik gabe ezin dira bizi herritarrak... eta zer esan klima larrialdiaz: Ikertzaileen datuetatik ateratako probabilitate bat zen, iragarpen hutsa zirudien eta dagoeneko hasi dira herritarrak haren ondorioak ikusten.
Zientzia, ikerketa eta zientzialariak dira Teknopolis-en oinarria. 25 urte hauetan, 3.000 euskal ikertzaile inguru azaldu dira programan, 750 saio baino gehiago eman dituzte —1.500 saio baino gehiago dira berez, euskaraz eta gaztelaniaz programa bana izaten baita—. Teknopolis-ek zientziaren historiaren zati bat jaso du, 42.000 minutuan biltzen dena; esan daiteke zientziari buruzko liburutegi erraldoi bat dela.
Elhuyarren saioak hainbat sari jaso ditu: 2010ean, Euroscience Foundation erakundearen Popular Science TV Award saria jaso zuen. 2012an, Bizia laborategian ernaltzen denean atal monografikoak Asebio-Genoma lehiaketako lehen saria jaso zuen. Bi aldiz jaso du Euskadiko Ingurumen Kazetaritza Saria. Eta azken urteetan aipamen bereziak eta sariak are gehiago izan dira. Adibidez, 2022ko Accenture saria jaso zuen saioak, eta hainbat aldiz izan da finalista Boehringer-Inggelheim sarietan eta Foro Transfierek antolatzen dituenetan.