Eurokopak sekulako ikusle datuak izan ditu orain arte

Espainiaren eta Frantziaren arteko finalerdiak %62ko ikusle kuota izan zuen atzo EAEn. Sanferminetako entzierroak %57,3ko kuota lortu zuen La1 katean.

Frantzia eta Espainiaren arteko finalerdia, Eurokopan. ALBERTO STEVEZ / EFE
Frantzia eta Espainiaren arteko finalerdia, Eurokopan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
urtzi urkizu
2024ko uztailaren 10a
15:00
Entzun

Agerikoa da futbolak eragin handia duela gizartean, eta horren erakusgarri dira, hain zuzen, Eurokopako partidek azkeneko asteetan izan dituzten ikusle datuak. Atzo gauean Espainiak eta Frantziak Eurokopako bi finalerdietako lehena jokatu zuten, eta Euskal Herrian milaka herritar aritu ziren partida ikusten. EAEn, La1 kateko emanaldiak %62ko ikusle kuota lortu zuen; Nafarroako daturik ez dago, eta Lapurdikorik, Nafarroa Beherekorik eta Zuberoakorik ere ez.

Espainiako La1 kateak emanaldia egin zuen eremuan %71,7ko ikusle kuota bereganatu zuen (11,5 milioi ikusle). Frantziako TF1 kateak emanaldia egin zuen eremuan, berriz, ikusle kuota %61,2koa izan zen (16,1 milioi ikusle). TF1 kateak, gainera, 15-34 urte arteko gazteen %83ren arreta bereganatu zuen futbol partidarekin.

Katalunian EAEn baino gehiago ikusi zen partida: %66,9ko ikusle kuota eskuratu zuen. Galizian ikusle kuota %68,6koa izan zen; eta Balear uharteetan, %82,3koa.

Oso gutxitan izaten dira hainbesteko ikusle datuak. Gogoratu behar da, hala ere, apirilaren 6an marka bat ezarri zutela Espainiako Kopako penaltiek: %83ko ikusle kuota izan zuten EAEn Athleticen eta Mallorcaren partidako penalti jaurtiketek —La1k eta ETB1ek eman zuten finala—. Aurreko marka 2010eko Munduko Kopako finaleko luzapenak zuen: Espainia eta Herbehereak izan ziren final hartan lehian, eta luzapenak %80,4ko ikusle kuota izan zuen EAEn.

Aurtengo Eurokopan, bestalde, beste partida batzuek ere ikusle asko bildu dituzte pantailaren aurrean: Espainia-Georgia final zortzirenetako partidak %52,6ko ikusle kuota izan zuen EAEn; lehen faseko Espainia-Italia lehiak %47,6ko kuota bereganatu zuen; Portugal-Eslovenia final zortzirenetako luzapenak %39,6ko kuota izan zuen; Ingalaterra-Eslovakia final zortzirenetako lehiaren luzapenak %39,3ko kuota izan zuen... Hain zuzen ere, txapelketako partida askok gainditu dute %30eko kuota eremu horretan.

La1, oso indartsu

Egunotan futbol partida horien kuotara iristen diren emanaldi bakarrak Iruñeko sanferminetako entzierroak dira. La1n eta ETB1en ematen dituzte entzierroak, zuzenean, eta gaztelaniazko katearen emanaldiak askoz ikusle gehiago lortu ohi ditu: atzoko entzierroak %57,3ko kuota izan zuen La1n, eta herenegungoak, berriz, %60,5ekoa.

Espainiako kate publikoa, bestalde, Gran Prix lehiaketaren denboraldi berria ematen hasi da: astelehen gauean, %18ko kuota lortu zuen EAEn.

Eremu horretan, La1 katea izan zen gehien ikusitakoa ekainean. Uztailean ere hala izatea espero da, alde handia ateratzen baitio bigarrenari orain arteko batez besteko kuotari begiratuz gero. Gainera, Parisko Olinpiar Jokoak emango ditu TVEk hilaren 26tik abuztuaren 11ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.