Bartzelonako auzitegi batean epaiketa egin zuten atzo, erabakitzeko TV3 katalanezko katearen Eufòria musika lehiaketak Operación Triunfo-ren formatua kopiatu duen. Salaketa Toni Cruz eta Josep Maria Mainat ekoizleek jarri zuten, Operación Triunfo-ren sortzaileek. Haien arabera, TV3en saioa «plagioa» da. Veranda ekoiztetxearen eta TV3eko zuzendaritzaren arabera, ordea, bi lehiaketak desberdinak dira, «O.T-k musika lehiaketa eta reality show-a uztartzen dituelako, eta Eufòria-n soilik musikaren arloa garatzen delako». Alfonso Mendiz perituak hitz egin du epaiketan TV3ek eta Verandak proposatuta, eta, adierazi duenez, Eufòria-n lehiakideak ez dira pijaman elkarrekin bizitzen ikusten.
Cruzek eta Mainatek iaz jarri zuten salaketa. Ordurako, TV3eko saioaren lehen denboraldiak arrakasta handia lortua zuen. Haien peritu batek, Gloria Salok, epaiketan esan du bi lehiaketetan kolore berak erabiltzen dituztela. Argi ikusten du TV3eko musika lehiaketa «plagioa» dela. Hori ukatu egin du TV3eko edukien eta programazioaren arduradun Cristian Trepatek. Bartzelonako auzitegiak aste batzuk barru emango du epaia. Cruzek eta Mainatek 50.000 euro eskatu dituzte.
ETB1ek, berriz, Ztanda musika lehiaketaren bigarren denboraldia emango du udazkenean. Kasu horretan, lehiakideen arteko elkarbizitza ez da ikusten.