Etzi.pm hedabide digitala «etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna» izateko asmoarekin jaio zen, eta, pandemiaz geroztik jarduna ia eten bazuen ere, bueltan da orain.
«Artefaktu digital» horren muinean izango dira etorkizuna ardatz edo aitzakia duten iritziak. Izango dira jarraipena egingo dieten gai zehatzak, baita eztabaidak sustatzeko antolatuko dituzten jardunaldi, hitzaldi, mintegi eta artelanak ere.
Izan ere, ez dute idatzitakoa bertan amaitzerik nahi: eztabaida piztu nahi dute. Zabaldutako edukiak leku gehiagotara irits daitezen, hedabide digitalaren eta herritarren arteko elkarlana sustatu nahi dute. Hortaz, eduki «ia guztiak» lizentzia librearekin argitaratuko dituzte.
Askotariko gaiak landuko dituzte: aurrekoan ekonomia, teknologia, politika, gizartea... izan ziren nagusi; horiez gain, «auskalo», diote sustatzaileek. Talaios kooperatiba da Etzi.pm-ren sustatzailea, eta bertako kide Gorka Julio eta Beñat Irasuegi. Orain Yeray Gaskon ere batu zaie ekimenera. Dena dela, eredu berri honetan edizio lan kolektiboaren alde egingo dute, eta kolaboratzaileen sare ireki bat sortzea dute asmo.