'Etzi.pm' atariak finantzaketa kolektiboko kanpaina bat sortu du

Hedabide digitalak ikus-entzunezkoei garrantzi berezia emango die eta irratsaio bat sortuko du

Etzi.pm hedabide digitaleko kide izateko, bost eurotik hasi eta 50 euro arteko ekarpenak egin daitezke. BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Autofinantzatzea du helburu Etzi.pm hedabide digitalak. Orain arte harpidetza sistema erabili du, baina hemendik aurrera «kooperazio kolektiboarekin» aldatuko du, eta finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri du martxan horretarako. «Interesa duen jendearen eta eragileen ekarpena lortu nahi dugu, auzolaguntzarekin proiektua bideragarri egiteko», esan du Nagore Vega Etzi.pm-ko koordinatzaile berriak —orain arte, Aiert Goenaga zen koordinatzailea, eta, hemendik aurrera, ikus-entzunezko edukien ardura hartuko du—. Talaios kooperatibarekin batera gidatuko du proiektua Vegak.

2017. urtearen hasiera arte iraungo du finantzaketa kolektiboko kanpainak. Ekarpenak, berriz, bost eurokin hasi eta 50 euro artekoak izango dira urtean.

Harpidetza sistema albo batera utzi ostean, Etzi.pm ataria ireki egingo dute. «Etzi komuna izango da, herritar guztien eskura egongo dira horko edukiak», iragarri du Vegak.

Aldaketa eta berrikuntza gehiago ere izango ditu euskarazko hedabide digitalak. Artikulu idatzietan kolaboratzaile berriak hasiko dira urtarriletik aurrera. Eta ikus-entzunezkoei garrantziberezia emango diete. Irratsaio bat egiteko asmoa ere azaldu dute Talaios kooperatibako kideek. 2014ko irailean sortu zuten Etzi.pm. «Lehen fase honetan,tresnak Interneten du kokalekua, eta hori da ardatz nagusia. Baina, laster, edizio, ekitaldi eta foro presentzialak antolatzeko asmoa ere badugu», jakinarazi du Vegak.

Sortu zenetik Etzi.pm hedabide digitalak etorkizunaren inguruko hausnarketan sakondu du, eta hori izan da edukien ildo bateratzailea. Denborarekin lotutako edukiak Iparrorratza eta Astrolabioan ataletan sailkatu dituzte, eta espazioarekin lotutakoak Uhartea eta Itsasoa ataletan. Kanpoko edukientzako espazio espezializatu bat ere badute atarian, Faroa atalean. «Etorkizunak eraikitzeko bidean, nabigatzeko tresna gisa jaio zen Etzi, eta nabigazio horrekin jarraituko du», azaldu du proiektuaren koordinatzaileak.

Bidaia horretan lagun izateko,Etzikide bihurtzeko gonbita egin dute. «Etzikide izatea etorkizuneko proiektu komunikatibo bateko komunitateko kide izatea da. Eta laguntzen duenari zerbait berezia eskaini nahi diogu», dio Vegak. Pegatinak, elastikoa eta urtekaria jasoko dute 50 euroko ekarpena egiten dutenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.