'Etxekoak' umorezko telesaila estreinatuko du gaur gauean ETBk

Konfinamenduan dagoen familia baten eta haien lagunen gorabeherak kontatuko ditu saioak

Olatz Ganboa eta Mikel Losada, Etxekoak telesaileko aktore protagonistak. ETB.
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
ETBk eta Pausoka ekoizpen etxeak konfinamenduaren inguruko komedia bat jarri dute martxan denbora tarte laburrean: Etxekoak umorezko telesaila. Gaur estreinatuko du ETB1 kateak, 22:30ean. 40 urte inguruko bikote bat etxean sartuta dago, bi seme-alaba txikiekin. Bikote horrek familiarekin eta lagunekin dituen elkarrizketak erakutsiko ditu saioak, azkeneko asteetan gizartean hain erabiliak diren bideodeien bitartez. Lau ataletan ikusi ahalko dira haien gorabeherak, asteazken gauetan.

Jabi Elortegi da telesail berriaren zuzendaria —besteak beste, Goenkale, Balbemendi, Go!azen eta Ihesaldia telesailen zuzendaria izan da—. Aktore protagonistak zein roletan arituko diren iragarri du: bikote protagonista Mikel Losadak eta Olatz Ganboak interpretatzen dute; Miren Gojenola Losadaren arreba da, eta Mikel Laskurainek «koinatu tipikoarena» egiten du. Laskurainek eta Gojenolak alaba bat dute, Bartzelonan: Miren Arrieta. Eta, bestetik, protagonisten lagunak daude: Losadarenak, Joseba Usabiaga eta Iker Galartza; eta Ganboarenak, Ylenia Baglietto eta Miren Gaztañaga. «Hamar pertsonaia horiekin, 12-13 pieza daude —hiruzpalau minutukoak— atal bakoitzean».

Gidoilariak, berriz, Xabier Zabaleta —Go!azen telesaileko proiektu burua— eta Kepa Errasti —Gorabeherak websaileko zuzendaria eta aktorea— dira.

Aktoreen etxeko atrezzoak

Elortegik azaldu duenez, ez luke zentzu handirik izango telesailaren estreinaldia askoz beranduago egiteak: «Pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela telebistarentzat horrelako eduki bat izatea; entretenimendu gutxi dago kateetan azkeneko egunetan, eta eskaintza polita zela pentsatu genuen».

Saioaren zuzendariak aitortu du ez dela erraza izaten ari. «Baina ausartu gara. Ezin dugu ahaztu nola eginda dagoen telesaila; konfinamendu egoeran. Orain du zentzua emateak. Joango gara tonua hartzen».

Lan prozesua nola izaten ari den kontatu du Elortegik: «Lehenbizi, nik planifikatzen ditut grabaketak. Sekuentzia bakoitzeko lankideak konektatu egiten gara, bideodei bidez. Zuzenketak egiten ditugu. Eta, gero, grabatzera. Aktore bakoitzak irudiak bidaltzen dizkit bere etxetik, eta nik, txukundu ostean, editoreari».

Aktore bakoitzak edo aktore bikote bakoitzak beren jantzitegia, makillajea eta atrezzoa erabiltzen ditu. «Dena jartzen dute beren etxetik». Zuzendariak nabarmendu du, halaber, teknologikoki erronka izaten ari dela aktoreentzat. «Ez dira millennial-ak, Go!azen etxean-ekoak bezala. Zenbait aktore borroka sutsuan ari dira teknologiarekin». Hala ere, Elortegiri iruditzen zaio ikusleak jakitun dagoela zein den egoera, eta ohitu dira dagoeneko horrelako materialak ikustera.

Go!azen etxean-i dagokionez, beste bi atal emango ditu ETB1ek: igandeetan, 21:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.