Lainoa euskal haranen batean. Lainoz betetako irudiak ageri dira sarri Ikuska egitasmoko film laburren irudietan. Lau hamarkadako diktadura gogorraren ostean bere kontzientzia hartzen eta berreskuratzen ari zen herri baten erradiografia osoa egiten du Ikuskak. Euskal Herriko zazpi lurraldeak aintzat harturik. Eta euskaraz, euskarari begirunez helduz. Euskal zinemagintzan funtsezko egitasmoa da Ikuska: aitzindaria eta fundazionala. 1979tik 1984ra estreinatu ziren 25 film laburrak herritar guztien eskura daude orain: Primeran doako plataforman jarri dituzte.
Antton Ezeiza zinemagilea izan zen egitasmo handi haren koordinatzaile eta zuzendaria. Hainbat bidelagun izan zituen; tartean, Luis Iriondo. Babesleak lortzeko, funtsezkoa izan zen Iriondo. Hala, Euskadiko Kutxak, Cegasak eta Orbegozo fundazioak diru ekarpen garrantzitsua egin zuten. Bertan Filmak ekoiztetxearekin egin zituzten euskarazko lan haiek. Eta bada profesional bat lan guztietan aritu zena: Javier Agirresarobe argazki zuzendaria, gerora nazioartean ibilbide arrakastatsua egin duena. Aipatzekoa da film guztiak 35 milimetrotan grabatu zituztela.
Bada sail osoan errepikatzen den praktika bat: herriari ahotsa ematea. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980ko hamarkadaren hasieran Euskal Herriko herritarrek sentitzen zutena entzun daiteke filmetan. Euskal Telebista sortu gabe zela, Xabier Elorriaga kalera atera zen galdetzera ea nahiko luketen Euskal Telebista, eta nolakoa nahiko luketen. 1979. urtea zen.
Euskal emakumeak Ikuskan, berriz, Mirentxu Loiartek orduko hainbat emakumerekin hitz egiten du. Indartsua da oso lana, irudi eta ahots esanguratsuz betea. Kristiane Etxaluz zuberotarra ere ageri da hizketan. Zuberoak protagonismo osoa hartzen du beste atal batean, Zuberoako artzainak deiturikoan, eta hura osatzen lagundu zuen Etxaluzek.
Puntako zinemagileak
Ezeizak zinema egin nahi zuten makina bat lagun erakarri zituen Ikuska haiek egiteko. Hain zuzen ere, film labur bakoitza egile batek zuzendu zuen; Ezeizak berak, berriz, lau zuzendu zituen. Film labur haien zuzendarien artean, Jose Luis Egea, Pedro Olea, Koldo Izagirre, Juanba Berasategi, Koldo Larrañaga, Jose Julian Bakedano eta Iñaki Eizmendi daude. Baita Montxo Armendariz, Imanol Uribe, Juanmi Gutierrez eta Pedro Sota ere.
Ikuspegi zinematografikotik aberatsak dira. Batzuk besteak baino gehiago. Eta artistikoki baliotsuenetakoa saileko laugarrena da: Bilboko hiri espekulazioa. Anton Merikaetxebarriak zuzendu zuen, eta 1970eko hamarkadako Bilbo industriala ikusteko aukera paregabea ematen du. Hiriaren etxeak eta arkitektura modu paregabean islatzen ditu pantailan. Donostiako Zinemaldian film laburrik onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen lan horrek.
Memoria historikoa da Ikuska. Eta memoria historikoa ere egiten da sailean: Gernikako bonbardaketako biktimak hizketan ageri dira filmetako batean. Eta Matxitxakoko itsasgunda-tik (1937) bizirik atera zirenek lekukotza ematen dute beste batean.
Joxe Migel Barandiaranen lezioa entzun daiteke lanetako batean. Puri-purian ziren euskal musikariak beste batean. Eta Telesforo Monzon utopikoen gainean oihu egiten. Jose Angel Iribarren eskua. Eta Martin Zabaletaren pasadizoak, Everesteko gailurrera iritsi zenekoak. Xabier Amuriza, txapela irabazi zuen finaleko bertso batzuk errepasatzen. Euskal Herriaren erradiografia osatua egiten du Ikuskak, eta horretan euskarak indar handia hartzen du. Horren erakusgarri dira Ikastolak, Elebitasuna, Euskara galdutako Nafarroan eta Euskaldunberriak lanak.
Ikuska zer izan zen ulertzeko, egileek egin nahi zutena sentitzeko, funtsezkoa da 20. Ikuskari erreparatzea. «Euskal zinema Euskal Herrian euskaldunok eta euskaldunei buruz egina dena da. Ez zabalegia edo estuegia. Emeki-emeki, gero eta argiago, gero eta nabarmenago, ohartu ginen euskal zinema euskaraz egina zela ala ez zela», dio off-eko ahotsak.
EKHE taldeak (Gara) DVD formatuan atera zuen bilduma osoa 2016. urtean, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin. Orain, Primeran plataforman dago osorik, euskaldun guztien begien zain. Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiko zuzendariordeak hitzaldi batean esan zuen moduan, Ikuska ezezaguna da belaunaldi berrientzat: «Zergatik ez da hau erreferente bat?», galdetu zuen. Euskal zinemari buruzko definizio hura, bederen, ez da indarrean 2024aren amaieran.