«Ez da hedabide arrunt bat izango, baizik eta etorkizunari begirako hedabide bat». Talaios kooperatibako kideek modu horretan definitu dute Etzi.pm. «Ikusi genuen Euskal Herrian hausnarketak falta direla eztabaidetan etorkizuneko estrategiak gai batzuetan planteatzeko orduan». Horregatik, kooperatiba proiektua landuz joan da iaztik. Azkeneko Durangoko Azokan proposatu zuten ideia, Kabi@ espazioan, eta «iritzi positiboak» jaso zituzten. «Gai horien inguruan euskaraz eztabaidatzeko tresna bat izango da».
Proiektuaren lehen aroan, tresnak Interneten izango du lekua—atzo aktibatu zuten Etzi.pm—. «Hori izango da ardatz nagusia», adierazi du Talaioseko kide Beñat Irasuegik. «Baina ez dugu baztertzen etorkizunean edizio, ekitaldi edo foro presentzialak antolatzea».
Denbora eta gertutasuna
Etzi.pm hedabide berriak hainbat atal izango ditu, baina artikuluek beti etorkizunaren inguruko hausnarketari so egingo diote. Bi ardatzetan banatuko dituzte atariko gaiak: batetik, Denbora ardatzean, Iparrorratza eta Astrolabioa atalak izango dira. Iparrorratzan landuko dituzte, besteak beste, gizarte mota berriak, parte hartzea, sare antolaketa, teknologia libreak, tokiko garapen ekonomikoa eta alternatiba ekonomikoak; Astrolabioan, kultura aztarna berriak, zientzia berrikuntzak eta prospektiba saiaketak landuko dituzte. Gertutasuna ardatzean, Euskal Herriko gaiak azalduko dira —tartean euskal diaspora—, Uhartea atalean, eta munduko gaiak Itsasoa atalean. Kanpoko eduki aukeratuentzako espazio bat ere izango du atariak: Faroa —harpidedunentzat—.
Hedabide berriak autofinantzaketa du helburu. Horretarako, Talaiosek «interesatutako pertsonen eta eragileen ekarpena» bilatuko du. Harpidetza sistema erabiliko dute: gutxieneko kuota urtean 49 euro izango da. Harpidedunentzat onura bereziak prestatuko dituzte. Ehun harpide lortzeko helburua dute.
Etorkizunari begira jarri den hedabide bat sortu da
'Etzi.pm' komunikabide digitala estreinatu zuten atzo.Talaios kooperatibaren proiektu bat da.Eduki guztiak euskaraz izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu