1991. urtean Catalunya Radion hasi zen kazetari Sigfrid Gras (Bartzelona, 1966), eta Kataluniako irrati publikoan aritu zen 2012ra arte. Azkeneko urteetan hainbat ardura izan ditu TV3en. Iazko uztailean izendatu zuten zuzendari, lehiaketa publikoko prozesu batean.
Zer garrantzi izan du TV3ek Kataluniako gizartearen aldaketetan berrogei urte hauetan?
TV3 oinarrizko tresna izan da Kataluniak aurrera egin dezan bere kulturan eta gizarte moduan. Katalan hizkuntzaren defentsa izan da helburu nagusia, eta TV3ek asko lagundu du katalanak aurrera egiteko bidean. TV3ek, gainera, gizartea kohesionatu du, eta herri gisa aurrera egiten lagundu du.
TV3 katalan hutsez izateak nolako eragina izan du katalanaren normalizazioan?
Eragina oso ona izan da. TV3ek lehen aldiz Dallas telesaila katalanez eman zuenean, jendeak barre egiten zuen. Baina hori normalizatu egin da. Elkarrizketa batean elkarrizketatuak ez badaki katalanez, ba, egin dezake gaztelaniaz, baina hori da salbuespena. Gure lehen helburua hizkuntza katalana da. Gainera, munduan gertatzen denaren bertsio katalana eskaintzen dugu, eta, horregatik, berriemaileak ditugu nazioarteko toki garrantzitsuenetan.
TV3 eraldatze prozesu batean sartuta dago. Zein dira prozesu horren ildo nagusiak?
Gure telebista liderra da. Irratiak [Catalunya Radio] ere 40 urte bete ditu, eta bigarrena da gehien entzuten direnen artean. 3Cat plataforma sortzera goaz orain: urriaren 25ean abiatuko da, eta udaberrian bigarren fase bat hasiko du. Dakigun gauza bakarra da hamar urte barru jendeak nahi duen orduan eta tokian kontsumituko dituela edukiak. Horrek esan nahi du katalanezko edukien fabrika handia izan behar dugula. Ikus-entzunezko katalanen industriaren motorra izan behar dugu. Etorkizunean ez dakigu gauzak nola izango diren, baina guk toki guztietan egon nahi dugu herritarrek gure edukiak kontsumitu ditzaten.
3Cat plataforma berrian TV3ekoak ez diren edukiak jarriko al dituzue?
Bai. Hiru eduki mota egongo dira: batzuk plataformaren eduki esklusiboak egongo dira, beste batzuk TV3ekoekin batera zabalduko dira, eta beste batzuk lehenbizi plataforman jarriko dira, eta ondoren TV3en. Plataforman proba-hutsegite formula ere erabiliko dugu, noski.
Eta beste plataforma batzuetako edukiak?
Katalanezko edukien plataforma handiena izan nahi dugu. Horrek esan nahi du akordioak egiteko prest gaudela; adibidez, Filminekin hitzarmen bat sinatu dugu edukiak lortzeko. Halaber, zabalik gaude erakunde publikoetara eta pribatuetara. La Caixarekin hizketan ari gara, haien edukiak gure plataforman ikus daitezen.
Eduki guztiak doan izango dira?
Plataforma doakoa da. Baina ez diegu atea itxiko gure plataformaren bidez beren edukien truke dirua jaso nahi dutenei. Kasuan-kasuan, aztertuko dugu aukera hori.
TV3etik 3Caterako izen aldaketa ere gauzatuko da urte batzuen buruan, ezta?
Oraingoz, 3Cat plataformaren marka izango da. TV3 eta Catalunya Radio dira oraindik ohiko banaketa kanalak. Baina, prozesuaren amaieran, helburua izango da dena 3Cat izatea. Zuhurtziaz egin behar da prozesu hori, Katalunian ondo egonkortutako markak baitira TV3 eta Catalunya Radio.
Bestetik, TV3eko edukietan ez al dago politika gutxiago duela urte batzuk baino?
Kontua ez da politika gutxiago eskaintzen duela: kontua da Katalunian apaldu egin dela politikaren gaineko interesa. 2017aren bueltan, askoz interes handiagoa zegoen. Guk Kataluniako gizartea lagundu behar dugu, gauden momentuaren arabera.
Manel Vidalen kaleratzearekin gertatu zenaren ondoren, satira politikoak jarraituko al du?
Satira politikoa posible da TV3en. Polònia saioa satira politikoa da bere osotasunean, eta Està passant saioa hor dago. Edukiak askatasunez egitea nahi dugu, telebista publiko bat garela aintzat hartuta betiere. Den-dena ezin da egin, gure estilo liburuaren aurka ezin gara joan, eta zentzuz jokatu behar da.
Nola ikusten duzu TV3en etorkizuna?
TV3en etorkizuna zoragarri ikusten dut, eraldatzen ari baikara. Edukien fabrika garrantzitsua gara, eta gure betebeharra da TV3 ondo joatea katalanaren defentsarentzat eta ikus-entzunezkoen industriarentzat. Haurrek eta gazteek edukiak katalanez ikusteko aukera izan behar dute.
Sigfrid Gras. TV3eko zuzendaria
«Etorkizuna zoragarri ikusten dut, eraldatzen ari baikara»
Berriki berrogei urte bete dira TV3ek lehen emankizuna egin zuenetik. Grasek iragarri duenez, urriaren 25ean jarriko dute martxan 'streaming' bidezko plataforma berria: 3Cat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu