Etena gainditu nahi dute

Euskarazko telesail bakanak diru gutxirekin egitera ohitu direla azaldu dute Xabi Zabaletak eta Olatz Beobidek Crossover jaialdian. Aldarrikatu dute gehiago egin behar direla.

Olatz Beobide, Xabi Zabaleta eta Ainhoa Larrañaga, herenegun, Crossover jaialdian. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Garazi Goia Skyko estrategia arduradunak Urgentzia izenburuko artikulu bat idatzi zuen otsailean BERRIAn; bertan adierazi zuen askotan erabiltzen duela honako esaldi hau: «Guk ez badugu egiten, guri egingo digute». Asteazkenean, Xabi Zabaleta Pausokako proiektuburu eta Go!azen-eko gidoiburu eta ekoizle eragileak ahotan izan zituen Goiaren hitzak, Crossover jaialdiko Goenkaletik Go!azenera: telebistarako euskal fikzioa solasaldian. «Gerta liteke kanpotik etortzea ETAren inguruko fikzio lanak ingelesez egitera. Egin ditzagun guk telesailak, euskaraz», aldarrikatu zuen Zabaletak.

Olatz Beobide Goenkale-ko zuzendari ohiak —zazpi denboralditan aritu zen gidari, eta aurretik aktore— gogorarazi zuen 2018aren hasieran ETBk deialdi bat egin zuela ekoiztetxeentzat euskarazko telesail bat egiteko. Telesail hori ez da egin. Beste deialdi bat egin dute orain, lau ataleko hiru telesail egiteko. «Eten bat egon da, eta bidean denbora galtzen ari gara», esan zuen Beobidek. Gutuberrak websaila zuzendu du BeobidekETBren laguntzarekin —abenduan estreinatu zuten—. Sortzaileak uste du websailen bidea ez dela geldituko, baina ohartarazi zuen: «Euskarazko websail bat erraz ito daiteke Interneten. Euskarazko fikzio lan bat apustu txikia izanda ere, promozioan ezin da txikia izan».

Zabaletak eta Beobidek kezkagarritzat jo zuten euskarazko telesailen etena. Solasaldian, adibide argigarri bat gertatu zen: Gaizka Izagirre moderatzaileak Ainhoa Larrañaga Go!azen-eko aktoreari (18 urte ditu) galdetu zion ea zein euskarazko telesail berreskuratuko lukeen remake bat egiteko. Ezin izan zuen erantzun, ez duelako aukerarik izan euskarazko telesailak ikusteko. Aitortu zuen, edonola ere, haurra zela Go!azen-en telefilma (2008) ikusi zuela. Datorren denboraldian aktore eta musikari gazteak ez du telesailean jarraituko; Go!azen-ek bai, jarraipena izango du beste urte batez.

Pausoka ekoiztetxeak nahiko lituzke fikziozko lan gehiago egin. Zabaletak azaldu zuenez, bi proiektu aurkeztu dituzte ETBren deialdi berrira. Euskarazko telesailak zeinen diru gutxirekin egiten diren ere esan zuen Pausokako proiektuburuak: «Ez dakit inon egingo luketen fikzio lanik hain diru gutxirekin. Gaur egun, beste herrialdeetako fikzio lanen aurrekontuek gorantz egin dute, eta gureak, beherantz».

Sektorean mugimendu asko gertatzen ari dira, abiadura bizian. Zabaletak adibidetzat jo zuen Mediaset taldearen El Pueblo telesaila Amazon plataforman estreinatuko dutela lehenbizi—datorren asteartean— eta Tele5k emango duela gero. «Euskarazko fikzioak munduan barna bidaia dezakeela iruditzen zait. Baina estandar batzuk bete behar dira». Gaineratu zuen toki askotan harritu egiten direla Go!azen telesailaren aurrekontuekin. «Aste honetan bertan Frantziako banatzaile baten interesa izan dugu, baina arazoa euskarazko kantekin daukagu. Beste herrialdeetako telebistentzat traba dira euskarazko abestiak. Hala ere, guk argi izan dugu hasieratik euskarazko kanten aldeko apustua egin behar genuela».

Zabaletak beste iradokizun bat egin zuen mahai inguruan: «Ezin gara ibili duela 30 urteko paradigmekin. Euskal Herrian hain gutxi izanda, kolaborazio gutxi dagoela esango nuke. Eta bakoitza bere aldetik badoa, etorkizuna zaila izango da».

Bihar bukatuko da jaialdia

Euskarazko hainbat telesail aipatu zituzten solasaldian, eta Goenkale-k egin zuen bidea nabarmendu zuten hizlariek. Nazioarteko beste hainbat telesail ere gomendagarritzat jo zituzten: Larrañagak proposatu zuen Sense8-ren tankerako bat euskaraz egitea; Zabaletak Skam-en antzeko bat egingo luke, gazteentzat, edo telesail politiko bat. Black Mirror-en aldeko hitzak egin zituzten bai Beobidek bai Larrañagak. The Handmaid's Tale eta State of the Union gomendatu zituen Zabaletak. Aldiz, aipatu zuen azkenaldian «okerrerantz» egin duela Game of Thrones-ek.

Bihar egun berezia izango daGame of Thrones-eko jarraitzaileentzat Crossover jaialdian: telesailen munduari egin dion ekarpenaz mintzatuko dira Tabakaleran, 13:00etan, Amaia Garcia, Adriana Izquierdo, Mikel Sanchez eta Gaizka Izagirre. 20:30ean, Marina Such eta Alvaro Onieva batuko zaizkie borroka berezi batean: bikoteka arituko dira argudioak ematen, defendatzeko nork eseri behar duen burdinazko tronuan. Bihar, jaialdiko azken egunean, proiekzio berezi bat ere egongo da Tabakaleran, 19:00etan: Danis Tanovicen Succes telesaila (HBO) emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.