ETBren hodeiak, ertzak eta ostertzak

Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak ‘Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero’ liburua ondu du. Aleka bildumako hamalaugarrena da, ETBren berrogei urteko joana ikuspegi zabalez jorratzen duena, eta aurrera begirako erronkak hizpidera ekartzen dituena.

URTZI URKIZU
Urtzi Urkizu kazetaria, liburua eskuartean duela. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2024ko martxoaren 6a
16:02
Entzun

Atzera begira jarri da aurrera nola egin irudikatzeko. Ez du alferrik 25 urteko eskarmentua ikus-entzunezkoei buruzko gaietan. Galdetu egin du asko, eta erantzun egin diote askok: 35 elkarrizketa ETBren jirako adituei eta arituei. Kontatu diote zer izan zen, zer ez zen izan, zer den, zer ez den, eta zer izan behar lukeen. Txori haren historia eta istorioak hodei artean, haren ertzak eta ostertzak. Liburu ezinbestekoa ondu du Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak: ‘Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero’. Donostian aurkeztu du, senitarteko, lagun, lankide eta liburuko hainbat elkarrizketatu inguruan dituela.

Dokumentazio lan sendo bat da liburuaren oinarria. «Urtzi zehatza da, zehaztasuna du maite», azaldu du Martin Anso editoreak. Baina liburua ez da informazio, oroitzapen eta iritzi bilketa hutsa. Kezka bat du abiapuntuan, eta galdera nagusi bat airean: «Euskarazko telebistak behar bezala erantzuten al die euskal komunitatearen egungo beharrei?». Gogoeta egiteko materiala dakar Urkizuk, eta gogoeta horretan sakontzeko tresna da Aleka bildumako hamalaugarren alea —BERRIA, Elkar eta Jakin-en elkarlanetik sortutako bilduma da Aleka; liburua eskura dago BERRIAren dendan—.

«Iraganaz eta etorkizunaz hitz egiten da liburu honetan», azaldu du Urkizu egileak, eta iazko martxotik urrira bitartean egindako 35 elkarrizketa baliatu dituela gaiak lantzeko: euskara eta gaztelania ETB1en eta ETB2n, kontrol politikoa eta kontrol organoak, albistegiak, bikoizketa, telesailak, zinema, ekoiztetxeak, entretenimendua, ikusle datuak, Primeran plataforma eta adimen artifiziala. «Eta ETBk nora jo beharko lukeen galdetu diet elkarrizketatuetako askori». Aurkezpenean Garazi Goia adituaren ekarpena nabarmendu du, eta Kike Amonarriz soziolinguistaren hausnarketa. «Liburuaren epilogoan ni neu ausartu naiz ETBren etorkizunaren inguruko proposamen batzuk egiten. Baina gehiago dira eztabaidarako abiapuntuak beste ezer baino». 

«ETBren iraganaz eta etorkizunaz hitz egiten da liburuan, eta eztabaidarako proposamenak egin».

URTZI URKIZU‘Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero’ liburuaren egilea

Ez baita inor epel uzten duen gaia ETBrena. Liburuan elkarrizketatu eta aurkezpenean gonbidatu izan direnen bat-bateko solasak eta galderak horren seinale. Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz elkartekoarekin, etorkizunaz aritu da. «Baikorra naiz. Profesional asko daude euskaraz kalitatezko telebista egiten ari direnak», erantzun dio Urkizuk. Luis Mendizabalekin zuzendari nagusia aukeratzeko sistema aldatu beharraz aritu da. Joxerra Gartziak ere hartu du hitza: «Utziko didazue ezkortasun tanta bat jartzen baikortasun ozeano honetan. Hizkuntzaren aldetik, lege berriak eta proposamen berriak egin beharrean, hasteko, nahikoa litzateke norbaitek EITBri betearaziko balio bere legea, sortu zenekoa». Luis Alberto Aranberri Amatiño-k ere hartu du hitza: «Ni, izatekotan, ezkorra naiz, eta urteen poderioz are gehiago. Baina gauza batek harritzen nau: orain arte jasotzen nuena zen telebistarena joandako garai bat zela, baina orain deskubritzen dut uste nuena baino gehiago balio duen zerbaitetaz ari garela, etorkizuna hortik etor daitekeela... Bat-batean telebistari balioa eman diogu berriz».

URTZI URKIZU
Taldeko argazkian, libururako elkarrizketatutako zenbait kide, lankide eta senitarteko. BERRIA

Urkizuk Izaskun Rekalde Pantailak Euskaraz elkarteko lehendakari zenduari egin dio aitortza, eta Maddalen Arzallus bertsolari eta aurkezlearen bertso bat kantatuz ekarri du hizpidera zentsuraren gaia. Itziar Ituño aktoreak idatzi du liburuaren hitzaurre bikaina. Ez du aurkezpenean egoterik izan, baina zera esan du: «Euskaldun guztiek irakurri beharreko liburua da».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.