Komunikazioa

ETBren azken hogeita hamar urteetako ibilbidea, Gorka Otxoaren eskutik

'Eskerrik asko, Petrov' hamabi ataleko saioa aurkeztuko du Otxoak, umorea eta bizipen gazi-gozoak nahastuz

Gorka Otxoak, umorea lagun, azken 30 urteetan jazo diren hainbat gertakaritara bidaiatuko du. ETB.
Donostia
2013ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
ETBk 31. urteari ekin dio jada, baina ez ditu iragan urteko ospakizunak alboratuko, oraingoz. Azken 30 urteetako ibilbidean atzera begiratu nahi du kateak, eta, horretarako, saio berezi bat estreinatuko dute hilaren amaieran: Eskerrik asko, Petrov. Gorka Otxoak aurkeztuko du programa. «Ilusio handia egin zidan eskaintzak, eta gogoz ibili nahiz lanean. Hasiera batean ez nuen neure burua aurkezle moduan ikusten, baina esperientzia polita ari da izaten. Egia esan, aurkezle lanak egin baino gehiago, saioaren haria gidatzen dut», aitortu dio aktoreak BERRIAri. Dokumental sorta honek hamabi atal izango ditu, ordubetekoak. Saio bakoitzak urte jakin batzuk eta orduko historioak izango ditu oinarri. Abiapuntua 1983. urtea izango da, urte horretan jarri baitzuten martxan ETB. Eta hortik aurrera: 1983ko uholdeak, Athletic eta Realaren garaipenak, euskal rocka, ETAren indarkeriaren unerik gogorrenak, teknologiaren iraultza eta krisi ekonomikoa, bestea beste.

Dokumental sorta horrek albiste hunkigarriak eta une gogoangarriak bildu ditu, baita historia txikiak ere. Gainera, aipatu gabeko xehetasunak, baztertutako irudiak eta ikus-entzuleek ia ahaztuak dituzten pertsonaiak berreskuratuko ditu ETBk artxiboetatik. Ehun bat lagunek euren lekukotza eta iritziekin osatuko dute atal bakoitza. Batzuk aipatzearren, Julian Retegi, Andoni Zubizarreta, Marino Lejarreta eta Iñaki Perurena kirolariak; Bernardo Atxaga eta Karmele Jaio idazleak, Drogas musikaria, Javier Gurrutxaga aktorea, Karlos Argiñano sukadaria, Pedro Migel Etxenike zientzialaria, lehendakari ohiak eta EITBko aurkezle, aktore eta kazetariak.

Otxoak, umore puntua

Gogoetak ez ezik, umoreak ere izango du lekua saioan. Otxoa aurkezleak emanen dio umore kutsu hori. Baita, batzuetan, drama ukitu bat ere. «Ez genuen nahi saioa astuna izatea; horregatik, tonu erabat serioa erabili ordez, egokia iruditu zitzaigun umorea eta ironia tartekatzea. Eta ikus-entzuleak eskertuko du tonu dibertigarriagoa erabiltzea. Gai gogorragoak lantzean, halaber, dramatismo puntu bat ematen saiatzen da nire pertsonaia. Ikus-entzuleek gozatuko dute bidaiaz», adierazi dio Otxoak BERRIAri. Gidoi bati jarraiki, gertaera bat bestearen atzetik lotzen saiatuko da Otxoa, eta bakoitzari ikus-puntu ezberdin bat ematen. Gonbidatuekin hitz egiteaz gain, landutako gaien inguruan esketxak ere grabatu dituzte.

Aktoreak 4 urte zituen ETB abian jarri zutenean; ondorioz, distantzia apur batekin bizi izan ditu hainbat gertakari. «Programa oso interesgarria da. Inoiz ikusi gabeko materiala berreskuratzeaz gain, ikus-entzuleari aukera ematen dio urruti gelditu zaizkion gertaera horiek gogoratzeko. Hainbatek, ni barne, ez ditugu aspaldiko gertaera batzuk ezagutu ere egiten. Saioak aukera paregabea ematen du une horiek berriro bizitzeko».

Petroven erabakia gogoan

ETBren sorrerako urtean gertatu zen historio bat aitzakia, saioari izen dibertigarria jarri diote arduradunek. Stanislav Jevgrafovitx Petrov Sobietar Batasuneko armadako koronela zen, eta 1983an eskuetan izan zuen munduaren —ETBren— zoria. Gerra hotza azken astinduak ematen ari zen, baina giroa berotuta zegoen. Jardunean zela, Ameriketako Estatu Batuek misil nuklear bat jaurti zutela ohartarazi zuten Petrov. Hark, baina, senari kasu eginez eta aginduak baztertuz, kontrako erasorik ez egitea erabaki zuen. Hala, hirugarren mundu gerra saihestu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.