Kazetaria

Urtzi Urkizu: «ETBn gauzak aldatu daitezkeela pentsatuz idatzi dut liburu hau»

ETBren lau hamarkadako joana jaso du Urkizuk ‘Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero’ liburuan: aitortzak daude, kritikak daude, baina, batez ere, «proposamenak» daude.

Urtzi Urkizu kazetaria, ondu duen liburua eskuartean duela. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Andoain
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

Ez da informazio, oroitzapen eta iritzi bilketa hutsa. Dokumentazio lan sendo bat du oinarrian, kezka asko abiapuntuan, eta galdera asko airean. Ikus-entzunezkoei buruzko gaietan 25 urteko eskarmentua dauka Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak (Lezo, Gipuzkoa, 1975), eta Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero liburuan utzi du hori agerian. Aleka bildumako hamalaugarrena da: ETBren berrogei urteko joana ikuspegi zabalez jorratzen du, eta aurrera begirako erronkak hizpidera ekarri, 35 elkarrizketaturen laguntzaz.

Ez da ETBri egurra emateko liburu bat; edo bai?

Ez, ez, ez da egurra emateko.

Zertarako da?

Proposamenak egiteko: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiok ordaintzen dugun zerbitzu publiko bat hobea izan dadin, eta bete dezan bere hasierako helburua. Alegia, euskara eta euskal kultura bultzatzea.

Liburua irakurtzen duenak topatuko du kritikaz gain aitortzarik ere?

ETBk gauza asko egin zituen ondo, eta garrantzitsuak gure hizkuntzarentzat: euskararentzat eta euskararen normalizazioarentzat. Hori ezin da ukatu: 80ko hamarkadan zeinen garrantzitsua izan zen euskararentzat euskarazko telebista bat martxan jartzea.

Potentzialitate hori aitortzen zaio, baina Kike Amonarrizek liburuan dioen moduan: «Kontua da potentzialitate horrek non amaitu(ko) duen».

Eta, ikuspuntuaren arabera, aldatu egiten dira iritziak. Bingen Zupiriak liburuan dio «ideologia kontua» dela. Baina badaude datu objektiboak eta egitateak gaur egungo telebista publikoan agerikoak direnak. 

«ETBk bere funtzioa betetzen jarraitu behar du, eta jarraitzen du betetzen. Hor kontua da zein neurritan betetzen dituen euskarak eta euskal komunitateak dituen premiak, nahikoa den, eta jendeak zer pertzepzio duen horri buruz».

Adibidez?

Bilboko EITBren egoitza nagusian jarrita dagoena El conquistador del fin del mundo saioaren afixa handia izatea, eta ez euskarazko programa edo telesail batena. Aukeraketa hori egitate bat da: aukeratu dute gaztelaniazko reality baten irudia jartzea egoitza nagusian. Beste egitate bat: ETBk telebista konbentzionalean atzerriko fikzio guztia gaztelerara bikoiztuta ematen duela.

Onartzen eta aitortzen zaio ETBri bere funtzioa, baina noiz uzten dio funtzio hori betetzeari, non dago mugarria?

ETBk bere funtzioa betetzen jarraitu behar du, eta jarraitzen du betetzen. Hor kontua da zein neurritan betetzen dituen euskarak eta euskal komunitateak dituen premiak, nahikoa den, eta jendeak zer pertzepzio duen horri buruz.

Eta zein da pertzepzioa?

Kike Amonarrizek liburuan dio ETB1en lortzen dena gero ETB2ren bidez «neutralizatu» egiten dela. Asteazken gauetan jendea ari bada El conquistador del fin del mundo-ren eztabaida ikusten, ETB1en sekulako programa ederra ematen ari badira ere —eskatzen ari garen funtzio horiek betetzen dituen programa bat—, jendeari ETB2ren bidez produktu arrakastatsu bat ematen ari zaionez, euskarazko beste hori ez du ikusten.

Baina ETB hasieratik zegoen pentsatuta bi eletan emateko?

EAJren barruan eztabaida handia egon zen. Ramon Labaienentzat bazen ametsa euskara hutsean ariko zen telebista bat izatea. Baina Bizkaiko EAJn oso garbi zuten telebista horrek bi hizkuntzetan izan behar zuela. Amatiño-k berak esplikatzen du nola aritu ziren hasieran albistegiak prestatzen gazteleraz emititzeko. Baina Jaurlaritzatik azken unean jaso zuten dei bat esanez ezetz, lehen albistegiek euskaraz izan behar zutela. Eta halaxe emititu ziren hasierakoak. 1983ko abenduan hasi ziren gaztelaniazko albistegiak. Gorordo jarri zenean zuzendari nagusi, ETB2 sortzeko erabakia etorri zen. Gehienen iritzia da hori sekulako galera izan zela, baina, Amonarrizek nabarmentzen duenez, horrela blindatu zen ETB1 euskara hutsean izatea, euskarazko kate bat edukitzea. Gero kontua da euskarazko kate horri zenbat baliabide eman zaizkion, nola mimatu den, sinistu ote den ETB1erako egiten diren programetan... Nire pertzepzioa eta sektoreko jende askorena da ez dela sinistu euskaraz egiten diren programetan. Ez da sinisten, ez dira sustatzen, ez da aitortza hori egiten. Eta neuk ere aipatzen dut epilogoan: badago jendea euskaraz kalitatezko telebista egiten ari dena, eta horiek ere aitortza merezi dute.

«ETBn badaude inertzia batzuk ez dutenak uzten zerbitzu publikoa emango duen kazetaritza independenteago bat egiten».

Itziar Ituñok hitzaurrean dio ETB jitoan dabilela, lemazainik gabe. Inpresio orokorra da hori?

Jende askoren buruan badago hori, bai. Baina telebista publiko zein pribatu gehiago ere badabiltza gaur egun noraezean: jende gaztearekin konektatu ezinda, audientzia datu onik lortu ezinda, publizitaterik lortu ezinda. Eta konpetentzia hainbesterainokoa da, hainbesterainokoa da eskaintza non oso zaila den telebista publiko batek jendea erakartzea eta erreferente izatea. Hori dena ari da gertatzen, eta ari da gertatzen telebistak 1980ko hamarkadan baino eragin gutxiago daukan garaian. ETB lemazainik gabe dabilela esaten denean, testuinguru hori jarri behar diogu, baina zer gertatzen da? Guk euskarazko kate bat daukagula, eta garrantzitsua izateko bultzada handiagoa behar duela. 

Madrilera gehiegi begiratu du ETBk? Edo begiratzen du oraindik ere?

Hala egiten du oraindik ere. Nahiz eta Unai Iparragirre ETBko zuzendariak dioen kargua hartu zuenean bere helburuetako bat zela gehiago begiratzea Europara eta gutxiago Madrilera. Elkarrizketatu batzuek diote albistegien estiloan-eta gehiegi begiratzen zaiola Madrili, eta badaudela Europan beste eredu batzuk. Askotan Madrilen edo Espainiako herri txiki batean gertatzen dena garrantzitsuagoa da Urruñan gertatzen dena baino.

Garazi Goiak liburuan dio: «ETBk anbizioa izan behar du besteetatik bereizteko desberdina den horretan. Euskarak izan behar luke benetako erdigunea».

Goia BBCn aritutakoa da, Skyn ere bai, eta gaur egun Europako telebista garrantzitsuenen aholkularia da, prestigio handia duena nazioartean. Hitz horiek Garazi Goiaren ahotan indarra hartzen dute, baina ETBko arduradunek ere esan izan dituzte. Garrantzitsuak lirateke benetan ondoren ekintzak etorriko balira, baina ez datoz.

Politizatuegia dago ETB?

Bai, baina ez da salbuespena. Inguruko telebista publikoak ere hala daude. Oso adierazgarria iruditzen zait duela urte gutxi Eusko Legebiltzarrean sortu zen lantaldeak egin zuen inkesta: EITBko langileen artean egin zuten, eta lautik hiruk zioen ildo informatiboa oso lotuta dagoela Jaurlaritzan dauden alderdi politikoekin. Langile batzordeek ere egin izan dituzte protestak zentsura salatuz: EAJri komeni ez zaizkion albisteak isilarazi egiten direla edo Jaurlaritzari kalte egin diezaioketenak ezerezean utzi. Hori langileek beraiek egindako hausnarketa da, eta liburuan jasota dago.

Eztabaidarako proposamenak egiten dituzu epilogoan, baita gai horrekin lotutakoak ere.

ETBren zuzendari nagusia lehiaketa bidez aukeratzea bada proposamenetako bat. Kontrol organoetan ere ikusten da gaur egungo ereduak ez duela funtzionatzen, zeren Administrazio Kontseilu bat dago Eusko Legebiltzarreko gehiengo berbera duena. Europako beste telebista publiko batzuetan, organo independente bat egoten da gainetik, adituz osatua. Langileen karrera profesionala bermatzea ere bada proposamenetako bat, zeren ez da posible zuzendari nagusi batek aukeratzea atzamarrez albistegietako arduradunak eta edizio lana egingo dutenak, zuzendari nagusi hori alderdi jakin batekoa denean, eta hauteskunde zerrendetan joan izan denean. Horren guztiaren ondorioz, ETBko albistegiek inertzia batzuk hartu dituzte urteotan, eta ez dute planteatzen informazioa beste modu batean eman daitekeela, demagun albistegietako lehen sei minutuak Ipar Euskal Herriko gai batekin abiatuz. ETBn badaude inertzia batzuk ez dutenak uzten zerbitzu publikoa emango duen kazetaritza independenteago bat egiten.

Nola ikusten duzu ETBren etorkizuna? Baikorra zara?

Baikorra naiz. Liburu hau idatzi baldin badut da pentsatzen dudalako ETBn gauzak aldatu daitezkeela. Kazetaritza zintzoa egiten saiatu naiz, ez egurra emateko, baizik eta ahots ezberdinek telebista publikoari buruz esan dezaketena jasotzeko, aurrera begira zer planteatzen duten jakiteko, eta irakurleei hori emateko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.