Otsailaren 14an, Hego Euskal Herrian emititzen duten telebista kateak soilik goi bereizmenean ikusi ahalko dira. SDko kanalen itzalaldia izango da, beraz, eta ETBk egun batzuetan aurreratu du prozesua. Gaurtik aurrera ETBko kate guztiak goi bereizmenean baino ez dira emango; ETB3 eta ETB4 SDtik goi bereizmenera pasatuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, ETB1 eta ETB2 kateak SDtik goi bereizmenera aldatuko dira.
Erabiltzaile askorengan izango du eragina horrek. Beharrezkoa izango da telebista gailuaren eta goi bereizmeneko emisioen arteko bateragarritasuna egiaztatzea. Gailuen %98 inguru bateragarriak diren arren, komeni da hala direla egiaztatzea. Kasu gehienetan nahikoa izango da telebistako kanalak berriro sintonizatzea. Telebista goi bereizmenarekin bateragarria ez bada, teknologia hori onartzen duen deskodegailu edo sintonizatzeko gailu bat erostea gomendatzen da.
Zalantzarik izanez gero, gailuaren fabrikatzailearen bezeroarentzako arreta zerbitzuarekin edo produktuaren banatzailearekin harremanetan jartzea gomendatu du EITBk.
TVEko kanalek dagoeneko egin dute trantsizioa. Espainiako kanal pribatu gehienek, berriz, hilaren 14an izango dute itzalaldia.