ETBk klimaren eta ingurumenaren inguruko saio bat estreinatuko du

Astelehenean hasiko dira 'Zur eta lur' ematen. Onintze Salazarrek aurkeztuko du, arratsaldero

Zur eta lur saioko erreportariak eta Onintze Salazar aurkezlea —ezkerretik, laugarrena—, atzo, Bilbon. EITB.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Eguraldiak Euskal Herrian zer garrantzi eta eragin duen, eta ingurumena eta denboraleak ere aztertuko ditu ETB1eko Zur eta lur magazin berriak, astelehenetik aurrera. Saioa arratsaldero aurkeztuko du Onintze Salazar fisikari, meteorologo eta komunikatzaileak, 19:15etik 20:00etara. Baleuko ekoiztetxeak egingo du programa ETBrentzat.

Eguraldiaz eta ingurumenaz gain gastronomia, elikadura eta osasuna ere landuko dituztela iragarri du Oscar Perez saioko zuzendariak. «Gastronomiak garrantzia izango du, baina aitzakiaren batekin. Osasunaz ere arituko garenez, koronabirusa izan daiteke lantzeko gai bat. Baina kasu guztietan, erreportajeek oinarri zientifikoa izango dute».

Zazpi berriemaile arituko dira saiorako lanean: Iñigo Agirre, Olaia Gil, Iker Gutierrez, Amaia Eneterreaga, Jon Gurrutxaga, Irati Errandonea eta Jonebati Zabala. Euskal Herriko hainbat tokitara joango dira berriemaileak eta bitxikeriak ere kontatuko dituzte.

«Mitoak apurtzen ere saiatuko gara», azaldu du Perezek. «Esate baterako, erreportaje batean landu dezakegu ea zer den hobea, fruta osorik ala zukuan hartzea».

Saioko zuzendariari iruditzen zaio Euskal Herrian interes handia dagoela eguraldiarekin. «Baina hau ez da izango eguraldiaren tartea bezalakoa. 40 minutuko saio bat izango da, eta eguraldia beste era batean kontatuko dugu. Fenomenoak sakonago azaltzeko modua izango dugu». Munduan fenomeno meteorologiko berezi bat sortzen baldin bada, horren berri emango dute.

Herritarren parte hartzea

ETB1eko eta ETB2ko albistegien osteko eguraldiaren tartean, herritarren argazkiek presentzia nabarmena izan ohi dute. Zur eta lur magazinean ere ikus-entzuleek parte hartzeko aukera izango dute. Haiek bidalitako argazkiak eta bideoak saioan agertuko dira. Horretarako, [email protected] helbide elektronikora edo, Whatsapp bidez, (0034) 619-40 08 93 telefono zenbakira bidali beharko dira irudiak.

Saioa martxan jarri aurretik, zenbait ekoiztetxek proiektuak aurkeztu zituzten Gaur egun albistegiaren aurreko ordutegia betetzeko. «Guri magazin bat egitea bururatu zitzaigun, Onintze Salazarrek gidatuta, eta ETBri ideia gustatu zitzaion», azaldu du Perezek. «Erronka handia da, baina polita, eta ilusio handiarekin dago lantalde osoa. Iruditzen zait hemen badagoelazerbait kontatzeko».

Programak martxan jarri ditu dagoeneko Twitterreko eta Instagrameko kontuak, ikus-entzuleengana gehiago iristeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.